Bardoen finalerako sarrerak izango dira goizean leihatilan
GARA | IRUÑEA
Leitzan ospatuko da gaur Nafarroako Bardoak 2012 bertsolari txapelketako finala. Sarrerarik ez dutenek dagoeneko ezingo dute Internet bidez erosi, baina Bertsozale elkarteak atzo argitu zuenez, gaur goizean 11.30etik 13.00era eta arratsaldez 15.00etatik aurrera Leitzako pilotalekuko leihatila zabalik egongo da. Finalaren ondoren egingo den herri-afarirako ez dago jadanik sarrerarik.
Saioa 17.00etan hasiko da herriko pilotalekuan eta ateak ordu erdi lehenago zabalduko dituzte. Bertsoaren jai honetan hiru talde arituko dira kantuan: Oronoz-Malerrekako Erauntsi (Iker Gorrosterazu, Amaia Elizagoien eta Alazne Untxalo), Lesakako Rimak Exkaxko (Iñigo Olaetxea, Estitxu Fernandez eta Eneko Fernandez) eta Etxarriko Bilixkorriko (Eneko Lazkoz, Joseba Beltza eta Alain Iriarte).
Aurkezle lanetan hiru taldeetako aurkezle bana arituko da eta epaile lanean, txapelketan aritu diren gainerako hamalau taldeetako ordezkari bana. Saioaren ondoren, triki-poteoa egingo da herrian barna eta afaria gero, Leitzako eskoletan.