Etorkizuna Kontzeptuak konpainia sortu da, euskal dantza berritzeko
Ainize BUTRON | HIRIBURU
Euskal dantzan oinarrituriko dantza konpainia sortu berri da Hiriburun, Etorkizuna Kontzeptuak. 30 bat dantzari eta musikari gazte biltzen dituen konpainia horren xedea, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako dantza talde ezberdinetako dantzari eta musikariei sorkuntzan eta mundu profesionalean barneratzeko aukera ematea da.
«Dantzatzen jarraitu nahi duten dantza talde guztietako dantzariak biltzen ditu gure taldeak», azpimarratu zuten ekimenaren bultzatzaileek.
Konpainia sendotzeko, Euskal Kultur Erakundearekin, Hiriburuko Herriko Etxearekin eta Biarritzeko Malandain Balletarekin hitzarmena izenpetu zuten atzo.
Hiru urte iraunen du hitzarmenak, eta horren bidez, partaide bakoitzak, proiektua gauzatzeko harria jarriko du. Malandain Balletaren eskutik, laguntza teknikoa eskainiko dute gehienbat. Gaël Domergue Biarritzeko balleteko formakuntza arduradunak prestakuntza fisikorako ikastaroak eskainiko dizkie dantzariei, beraiek, ondotik, horiek euskal dantzara egokitu ditzaten.
Euskal Kultur Erakundeak, berriz, Etorkizuna Kontzeptuak konpainiak eginen dituen sorkuntzen hedapenean eta ekoizpenean lagunduko du. «Euskal dantzak alderdi sozial garrantzitsua dauka, baina gauza berriak esperimentatu behar dira errepertorioa berritzeko», azaldu zuen Pantxoa Etxegoin EKEko zuzendariak.
Funtzionamenduari dagokionez, dantzari eta musikariak izanen dira proiektuaren eramaileak. «Helburua, talde guztietako dantzariek proiektuan harria jartzea da», gaineratu zuten ekimenaren bultzatzaileek.
«Ravel jauna»
Hitzarmenaren bidez, Etorkizuna Kontzeptuak konpainiak urtero sorkuntza berri bat kaleratzeko asmoa du.
Dagoeneko, «Ravel jauna» izeneko sorkuntza lantzen ari da. Horretarako, hiru koreografori dei egin diete dantzariek: Bittor Corret, Christian Larralde eta Maider Oiartzabal.
Hiru zatitan banatua, sorkuntza hori 2012. urtearen bukaeran eskainia izango da. 2013 eta 2014an, koreografo ezberdinekin beste bi sorkuntza egiteko asmoa dute.
«Hitzarmenarekin hiru urteko lankidetza bat izenpetzen dugu. Egitasmoari jarraipen bat eman nahi diogu, horregatik dugu izenpetzen hiru urterako hitzarmena», nabarmendu zuten dantzariek.
Hiriburuko Herriko Etxearen eskutik, berriz, egoitza bat eskuratuko dute.
Lambchop: Hoy. Sala BBK de Bilbo. 19,45. Banda invitada Cortney Tidwell. Entrada, 16 euros.
Willie Nile Band: Hoy Kafe Antzokia de Bilbo. 23.00. 15 euros.