GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Ezagutu ez, pairatu

Mutiko honek nire mirespena lortu du. Fede oneko herritar eta borondate bako apolitikoek erotzat hartuko dute, erantzukizun oro gainetik kentzeko ohiko saiakera batean. Venezian argazki bat ateratzera zoazela norbaitek bultzatu zaitu: orroka dabil, patata tortilla soinean... Oporrak iritsi dira, norbait tartean, haserre, tortila soinean... ez! Horiek ez dira ezagutzen, pairatu egiten dira.

Honela dio berriki Youtube-n entzun dudan abestiak: «Oporrak iritsi dira, kontrabandistak ere bai. Surfistak ere badira, pozik eta alai. Dirua eta olatuak, biak dituzte nahi. Kantitate berdina ez bada, ez dute bat bera nahi». Bideoklipa hamabi urteko mutiko batek egin du. Ez da munduko bideorik onena, baina txundituta utzi nau.

Mutiko honek nire mirespena irabazi du. Fede oneko herritar eta borondate bako apolitikoek erotzat hartuko dute, haien itxurazko mesprezuarekin, erantzukizun oro gainetik kentzeko ohiko saiakera batean, mutil gajoa ate zarratua eta horma bigunak dituen ziega batean nahiko dute, urrun, haien begiradatik at.

Ezarritako ordenaren mertzenarioek, alegia hippyek, kritikatu egingo dute, eta baita bere adineko orojakileek ere, pubertaroan kresta edo zima luzeak utzi eta gutxira sistema olioztatzeko Koipesol botila baino eraginkorragoak bilakatuko diren herritar on potentzialek.

Halako jende ausartak, nigan ere zirrara sortzen duela aitortu behar dut, ispiluak bailiran, gure miseriak ikusten baititugu haiek begiratzean. Ezezagunari diogun beldurra, ezjakintasuna, eta kontrako norabidean jaso dugun hezkuntza. Arraro eta narras itxura dutenek dute arrakasta, benetan singularrak direnek egurra baino jasotzen ez duten artean.

Bizia, etengabeko erabaki hartzea da, eta gehienetan badakigu zein den hartu beharreko bidea, bide egokia, baina kontrakoa hautatzen dugu, zuzena, gogorregia baita, ez gaude ondorioak pairatzeko prest. Eta gizakiak berezko duen izaera miserable horretan, errazena egitera jotzen dugu, alegia, gutxiengo bat, bide zuzena hautatzeko ausardia izan duen norbanako isolatu hori, gupida gabe kritikatu.

Bideo hau egin duen mutil kozkor honek surflariak eta dirua lotu ditu. Zerbait egongo da hor, zuzen edo oker, ikusi nahi den moduan begiratu, baina zerbait bada, eta horrek pentsarazi egin beharko liguke. Eztabaida interesgarria izan daiteke.

Bideoaren azpian dauden komentarioak ikusita ordea, aurrez konpondu beharreko arazo larriak baditugula agerian geratzen da. Hamabi urteko mutiko batek Youtuben bideo bat jarri eta tamainako irain eta mehatxuak botatzea oso gogorra iruditu zait, baina, ez naiz harritu. Euskaldunok ohituta gaude, aspaldidanik pairatzen baititugu. Pairatu bai, zeren hauek ez dira ezagutzen, pairatu egiten dira.

Egiptoko piramideen aurrean argazki bat ateratzera zoaz, norbait aurrean jartzen da, normala baino askoz ere altuago hitz egiten du, patata tortilla soinean darama... Parisko Eiffel dorrea gibelean, argazki bat ateratzera zoaz, eta orduantxe norbait erdian jarri zaizu, garrasika hitz egiten du, tortilla soinean... Veneziako gondola batean argazki bat ateratzera zoazela norbaitek bultzatu zaitu, orroka dabil, tortilla soinean.... oporrak iritsi dira, norbait tartean, haserre, mehatxuka, tortilla soinean... ez! Horiek ez dira ezagutzen, pairatu egiten dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo