GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

JOSEBE EGIA

Autodefentsa

Nork bere burua zaintzeko bitartekoak eskuratzea beti da gauza ona. Norberaren hazkundeaz eta garapenaz norbera arduratzea nahitaezkoa da, ezin da besteen esku utzi; geure erantzukizuna da aukeraturiko bidea jarraitzea eta erabakiak hartzea. Erabaki horiek, manipulatuta edo hertsatuta hartzen dira batzuetan, edo zuzenean eragotzi egiten zaigu hartzea ere, eta ikasi beharra dago horretara garamatzana identifikatzen, esna eta adi egon behar dugu, nork bere bizitza biziko badu, bereziki emakumea izanez gero.

Kolpe eta irainez harago, esna. Badakigu horiek direla indarkeriaren zeinurik nabarmenenak, baina pertsona bat menderatzeko modu asko daude, oso zoliak batzuk, gertatzen ari dela konturatu ere egiten ez garen horietakoak. Beti etortzen zait burura tantaren tortura, pertsona baten buru gainean etengabe erortzen den tanta-jarioa jarri eta hor uzten duena luzaroan, tanta horrek zulotxo bat sortu arte buruko leku jakin horretan, higaduraren poderioz. Etengabe tan, tan, tan, beste barik. A priori ez dirudi, beste batzuen aldean, horren sadikoa, baina ankerra bezain eraginkorra da, desesperazioa eragiten duen neurrian. Pertsona desesperatua edozertarako prest egongo da, erraz manipulatu eta otzandu ahal izango da, dena onartuko du bere sufrikarioa bukatzeko promesa pean.

Halakoak dira indarkeria mota batzuk, pazientzia handikoak eta erdi ezkutuak, mozorrotuak, baina ezin efikazagoak. Emakumeok, geuk ere, indarrarekin lotzen dugu genero indarkeria, zaplazteko eta jipoiekin, bultzada eta ubeldurekin, edo ozenki esandako biraoekin, eta, agian, asko jota, mespretxu ageriko eta etengabearekin. Baina, oraindik, tantak daramatzagu gainean, eta bustitzen gaituztenez ohartzen ikasi behar dugu.

Horretarako, hain zuzen, autodefentsa feminista deritzen ikastaro edo tailerrak antolatzen dira. Gehiengoaren ustea da karatea eta ostikadak behar bezala ematen ikasteko direla, erasoren bat jasanez gero, fisikoki irabazi ahal izateko, aukeraren bat izateko, bederen. Baina txoko hauek harago doaz, norberaren barruari jarrita arreta, norberaren kemen eta estimua areagotzeari, batetik, eta bestetik, jarrera matxistak identifikatzen eta horiek errefusatzen ikasten laguntzen dute, arestian esan bezala, ez baikara ohartu ere egiten, bikoteak edo ohiak emandako jipoiez gain, lanean, kalean eta bestelako esparruetan ere tanta-jario isilagoa jasaten dugula.

Badirudi tailerrok ere erdi ezkutukoak direla; nik bat topatu nuen, kasualitatez, eman nuen izena, baina lagun gutxik egin dugula-eta bertan behera geratu da, Bilbo bezain hiri handian, Bilboko Udala bezain erakunde indartsuaren eskutik. Horren arrazoia ez dela nahikoa zabaldu ziur nago, eta zertan den ere azaltzen ez da behar besteko ahalegina egiten.

Emakumeoi baino ez zuzendutako ekimenek ez dute oihartzunik izaten, lasto pila arteko orratz ikusezinak izaten dira, eta hori konpondu eta sustatu beharrean, kendu egiten dituzte. Halako aterkiak hain beharrezkoak ditugunean, geure guneak bezainbeste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo