Torturaren porrota agerian utzi dute, Muruetagoienari herriak eginiko omenaldian
Torturak Euskal Herrian utzitako zauria handia eta sakona da, baina haren biktimek «oihu isildu ezina egiten diete beren borreroei: ez duzue lortu!». Horrela amaitu zuen Pernando Barrenak Oiartzungo ekitaldia.
R.S. | OIARTZUN
Hiru hamarkada luze joan dira Oiartzungo sendagilea, Esteban Muruetagoeina, torturaren bidez hil zutenetik, baina inoiz baino biziago dago herrian. Udaletxeko Batzar Aretoa herritarrez bete zen atzo bera agurtzeko, eta gero kalejiran joan ziren guztiak, txistularien lagun- tzaz, aurrerantzean bere izena eramango duten osasun etxe eta enparantzaraino.
Torturak eragindako samin itzela islatu zuen ekitaldiak, dantza, olerki, bideo eta kantuen bidez. Muruetagoiena zenaren alaba eta emazte ohia bertara agertu ziren, hunkituta, samin ikaragarri hori bere larrutan eraman dutelako azken 30 urte hauetan. Baina itxaropenaz ere mintzatu ziren Oiartzungo Udaletxean. Baita torturatu guztien garaipenaz ere.
Pernando Barrena ezker abertzaleko ordezkariak honela eman zion amaiera bere hitzaldiari: «Suntsiketa pertsonaletik harago, eskubidez dagokiguna errealitate bihurtzea ezinezko egin nahi izan digute eta hori da Estebanen eta tortura eta errepresioagatik bidean gelditu ziren guztiek egun beren borreroei botatzen dieten oihu isildu ezina: Ez duzue lortu, ez duzue lortuko gero eta gehiago gara eta Euskal Herria libre izanen da. Ez izan dudarik».
Joxe Arregi, Mikel Zabaltza, Gurutze Iantzi, Xabi Kalparsoro... Muruetagoiena bezala torturaren erruz zendu direnak gogoan hartu zituzten bertaratuta- koek. Asko dago jakiteko oraindik, Euskal Memoriaren ustez azken 50 urteotako torturatuen %25a baino ez baita ezagutzen. «Egia jakin nahi dugu», aurpegiratu zien Barrenak «errelatoaz hainbeste hitz egiten» duten alderdiei.