GARA > Idatzia > Kultura

Euskara-Alemana hiztegia sareko «Titus» datu-basean jartzeko lanak hasi dira Frankfurten

GARAko kolaboratzaile Elena Martinezek duela sei urte kaleratu zuen Euskara-Alemana hiztegia (Elkar) sarean eskuragarri izango dugu Frankfurteko hizkuntzalaritza konputazionala lantzen duen talde bati esker.

p057_f01_148x92.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Sei urte pasatu dira Elkar argitaletxeak GARAko kolaboratzaile Elena Martinezek (Bilbo 1957) egin zuen Euskara-Alemana hiztegia kaleratu zuenetik. Egun, Frankfurteko hizkuntzalaritza konputazionala lantzen duen talde batek lanari ekin dio, hiztegia sarean eskegitzeko. Hiztegia mundu osoko hizkuntzalariek erabiltzen eta hornitzen duten «Titus» datu-base erraldoian agertuko da.

2006an plazaratu zuen Elkarrek Elena Martinezek egindako hiztegiaren lehenengo argitalpena. Hasierako 1.500 aleak salduta (heren bat Alemanian), beste hainbeste kaleratu zituzten hiru urte beranduago.

Frankfurten dihardu Elenak irakurle, bertako unibertsitateak eta Etxepare institutuak sinatutako hitzarmenari esker. Ikasleek zein irakasleek zituzten beharrei eta gabeziei erantzuteko asmoz sortu zuen -«bere kabuz eta inolako laguntzarik gabe»- aipatutako hiztegia: «Baziren balizko erabiltzaile nahikotxo: Euskal Herrian bizi ziren alemanak eta alemana giltza duten beste batzuk (errusiarrak, poloniarrak), hizkuntzalariak eta unibertsitateko gure ikasleak. Horrela, hiztegia egitea deliberatu nuen», azaldu digu Elenak.

Frankfurteko Unibertsitateak Lakuako Kultura Sailarekin sinatutako lankidetza hitzarmena berretsi zuen duela gutxi abian jarritako Etxepare institutuak. «Hizkuntza mailan euskarak parekorik ez duen heinean, Kaukasologia sailean dihardugu. Hemen ditugun ikasleek bost hizkuntza ikasi behar dituzte beren ikasketetan. Plangintzan, euskara `hizkuntza ez indoeuropar' bezala agertzen da eta batzuei euskara erakargarria egiten zaie», azaldu du Martinezek. Izan ere, Frankfurten euskara sutsu bultzatu dutenetako bat, Jost Gippert, kaukasologoa da. Beste bat, Til Stegman katalanista, hizkuntzalaritza-digitalizatuaren arloan ari da lanean, besteak beste, «Titus» proiektu erraldoia sortuz eta aurrera eramanez. «Titus» Frankfurteko Wolfgang Goethe Unibertsitatearen, Pragako Carolina Unibertsitatearen, Kopenhageko eta Oviedoko unibertsitateen elkarlanaren emaitza da. «Webgune bat da `Titus' hau, datu-base erraldoia daukana. Mundu osoko hizkuntzalariek erabiltzen eta hornitzen dute, testu zaharretara jo behar izaten dutenean, esaterako. Nire hiztegia bertan izango da eskura», azaldu du Elenak. Emaitzak laster agertzea espero du.

Elena Martinez Filologian lizentziaduna eta Filosofian doktore da, eta Frankfurten irakurle izateaz gain, hainbat agerkaritan da kolaboratzaile. Hannah Arendten pentsaeraren gaineko «Un pensamiento a la intemperie» liburua ere argitaratu du Martinezek.

Euskalema: euskara eta alemana aztertzen

Euskalema elkartea, euskararen eta alemanaren arteko harremanak aztertzeko eta sustatzeko sortu zen; harreman zuzenak sustatzeko, hala nola mota guztietako kultur ekimen edota itzulpengintzan.

Iazko Durangoko Azokan aurkeztu zuten Euskalemak argitaratutako lehen liburua: «Brecht-Aresti. Poema hautatuak-Ausgewählte Gedichte». Edizio kritikoa eta elebiduna dugu hau. «Bada Aresti alemanez irakur daitekeen lehenengo aldia eta Brecht alemanetik zuzenean euskaratu den aurrenekoa, beste itzulpen guztiak frantsesetik eginak baitziren», azaldu du Martinezek. A. H.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo