GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aintza Zufiaurre, Inge Arin, Elorri Arin Naia Lacroixen lagunak

Hizlari ilegalak!

Humanitatean oinarritutako elkartasunak atxiloketaldi batera bultzatu gaitu, bi minutuko gozamenak 30 orduko erasoaldi bilakatuz

Martxoak 29, eguzki izpiekin esnatzerakoan, batzuk greba eskubidea esku artean altxatu dira, beste batzuk elkartasun oihuak helarazteko jaiki dira. Hiru lagun, goizean goiz Gradignan presondegira abiatu gira, gure laguna Naia Lacroix Etxeberriari irrintzi pare batzuk botatzera. Presondegi aitzinera hurbildu eta bakoitzak tripako mina eta presoen banderolarekin irrikitan eskuak dardarka. Naia gure parean ikusi ondoren, oihuak eta irrintziak lau haizetara zabaldu dira. «Naia, ongi? Hor gira! Maitez zaitugu! Animo eutsi goiari!».

Gure laguna bi kateren arteko borrokaldian ikusi dugu, alde batetik bere kamisetan Nafarroako kateek Naiaren indarra eta gogoa azaltzen ziguten, eta bestetik, bere parean konfrontazioz ziegako kateak baziren. Lau kateek ez dute gure kidea isilarazi, barruko burdina estuek haizearen laguntzaz presoaren maitasuna ekarri digute. Gazte iraultzaren arimak eta bakardadearen amorruak, Naia igande honetan bideratutako borrokaldira eraman dute.

Humanitatean oinarritutako elkartasunak atxiloketaldi batera bultzatu gaitu, bi minutuko gozamena 30 orduko erasoaldi bilakatuz. Hiru polizia gizonek lehen segundotik atxilotzen gintuztela oihukatu digute, parloir illegal delitua leporatuta. Gure eskubide unibertsalaren babesarekin, hiru neskatxak ezer ez esatea erabaki dugu. Hortik aitzina, atxiloketa guztia tentsio unetan igaro da: lau zelda desberdin ezagutu ditugu, hiru gorputz miaketa (batentzat biluzik, produktu arriskutsuak izaten ahal zituelako),...

Ez dugu ezer hautsi, ez diogu inori eraso egin, gure delitu bakarra lagun bati babes eta maitasuna helaraztea izan da, borrokaldi baten atarian aurkitzen delako. Honek atxiloketa ez du legitimizatzen, honek eraso hutsean bermatutako haserrea erakusten digu. Terrorista katalogoko kide bihurtu gira, zergatik? Preso eta iheslarien banderola astintzeagatik, hiru oihal zati hauek Pariseko bidea hartu dute.

Bisita baimen legaleko bideak aspalditik erabili ditugu, nola ez hilabete pasa eta erantzun gabe segitzen dugu. Epailearen aitzinean, abokatuaren defentsarekin antzerki ikusgarri honen salaketa eman dugu. Ondoren prokuradorearen argumentazioa hiru terroristak egoera umorearekin hartzen genuela izan da.

Hilabeteko azken egun hauek ez ditugu alaitasun eta irriarekin hartu, zigortzen gaituzte elkartasun delitu baten aurrean, adierazpen askatasuna ukatuta. Gertatutakoak eta kondenak dimentsio ikaragarria ekarri digu, Arin lehengusinei bi hilabeteko kartzela zigorra sursis-arekin (bete behar gabe), eta Zufiaurreri 30 isun-egun, bakoitza 10 eurokoa. Orotara 1.000 euro inguruko kostua pagatzera inposatuta gira.

Gertatutakoak, dimentsio pentsaezinak hartu ditu; baldintza txarrak, zigor neurrigabeak, eraso etengabeak, nortasun ukazioak, militanteen kriminalizazioa, umilazioa...

Apirilak 28, Gradignan presondegira joaten den autobusera igotzera deitzen dizuegu! Denok batera Naiari kartzela baldintza duinak eskatzera! Goazen guztiok batera hizlari basatiak izatera!

Aupa Naia eta gora preso eta iheslari guztiak!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo