GARA > Idatzia > Euskal Herria

ABk eta Batasunak ez diete sostengua emango presidentetzarako hautagaiei

Arantxa .MANTEROLA | BAIONA

Datozen apirilaren 22an Errepublikako presidentetzarako hauteskundeen izango dira, eta Batasunak eta ABk zein jarrera hartuko duten jakinarazi dute.

Hasteko, argi utzi dute ez dutela inongo tendentzia politikoko hautagairik sostengatuko. «Euskal herritarrak beren hautua egiteko aski helduak» direla nabarmenduta, bi alderdi abertzaleek ez diete beren jarraitzaileei bozkatzeko gomendiorik emango.

Alta, lehen itzulian aurkeztuko diren hamar hautagaiei, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan gori-gorian dauden arazo eta eskaerei buruz, bakoitzak dituen iritzi eta proposamenak «argiki eta publikoki» adierazteko eskatu diete, hala, euskal herritarrek beren aukera «jakinaren gainean» egin dezaten.

Hiru lurraldeen erakundetzea eta zenbait gaietan bere burua kudeatzeko eskuduntzaren inguruan kokatua da, une hauetan, Ipar Euskal Herriko eztabaida politikoa.

Horrekin batera, euskararen aitortza ofiziala eta hizkuntza garatzea eta hedatzea ahalbidetuko duen lege-gerizaren erribindikazioak ere mahai gainean daude.

Horrez gain, krisiaren ondorioak eta azpiegitura erraldoien proiektuak -AHTren burdinbide berria, batik bat- panorama politikoan oso presente dauden gaiak dira.

Ostean, Legebiltzarrekoak

Hain zuzen, indar abertzaleek berebiziko garrantzia ematen diote auzi horiei eta presidentziarako bozak amaitu eta berehala egingo diren legebiltzarrerako hauteskunde programa eta kanpainan lehentasuna izango dutela iragarri dute. Boz horietarako, ABk eta Batasunak hautagaiak aurkeztuko dituzte EHBai koalizioaren baitan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo