Patxi Lopezek krisiaren kontrako neurritzat jo du «euskal Y»-an inbertitzea
Lakuako Gobernuko ordezkaritza zabala gerturatu zen atzo goizean Zizurkilera, herri horren eta Andoainen arteko «euskal Y» trenbide zatiko lanen hasierako harria jartzera. Lopez lehendakaria ere bertan izan zen, eta azpiegitura erraldoi hau beharrezkoa dela esan zuen.
GARA | ZIZURKIL
Abiadura handiko trenak Zizurkilen eta Andoainen artean egingo duen bide zatia (4,9 km) eraikitzeko lehen harria jarri zuten atzo Patxi Lopez lehendakariak, Iñaki Arriola Garraio sailburuak eta Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkariak. Ekitaldian zen baita ere Ernesto Gasco Garraio sailburuorde eta Donostiako Udaleko PSEko bozeramailea.
Lopezek Gasteizko Gobernuak AHTren lanei emandako bultzada berretsi, eta «euskal Y»-an inbertitzea «krisiaren kontrako neurria» ere badela gaineratu zuen. «Hain justu krisi garaian gaudelako obra honetan inbertitzeko esfortzu estra bat egitea funtsezkoa da», iritzi zion, lanpostuez gain «azpiegituren sarea osatzen jarraituko duelako».
Carlos Urquijo, berriz, PPren Gobernuak «krisi garai sakon hauetan» azpiegitura erraldoi honen eraikuntza bermatzeko egiten duen «esfortzuaz» mintzatu zen. Bere esanetan, Estatuko Aurrekontu Orokorrek ezarritakoaren arabera, ministerio guztiak murrizketak egitera behartuta daudenean, «oraindik eta meritu handiagoa du abiadura handiko trenaren obren jarraipena ziurtatzea».
Lakuako Gobernuak bide zati honengatik ordainduko duen diru zenbatekoa (193,5 milioi euro) kupoaren bidez «berreskuratuko» duela azaldu zuen. Patxi Lopezek, berriz, elkarlan hau eskertu zion Urquijori eta AHTren bideragarritasuna zalantzan jartzen duten «ahotsak» erratuta daudela gaineratu. Lanak amaitzeko epea 46 hilabetekoa da.
Informaziorik ez
AHTren aurkako kideak ere Zizurkilen izan ziren atzo, Ertzaintzak mugatutako toki batean izan bazen ere. Salatu zutenez, elkarretaratzea hasi bezain laster identifikarazi zituzten, «Ez hemen, ez inon, AHTrik ez» leloaren atzean zeudela, eta ekitaldia amaitu arte bertan gelditzera behartu zituen poliziak.
Aitzondoko AHTren aurkako taldeak proiektua zer-nolako egoeran aurkitzen den salatu zuen prentsa ohar baten bidez. Izan ere, herritarrek informaziorik ez dute jaso, zabortegiak non kokatuko diren edo desjabetuak zeintzuk izango diren ere ez dakite oraindik. Horren harira, gaia ezkutuan eraman izana ere kritikatu zuten, ez herritarrek, ezta Zizurkil, Aduna eta Andoaingo udalek ere ez zutelako izan ekimenaren berri.
Era berean, proiektuaren %80a (7.188 milioi euro) ordaintzea falta dela, eta bitartean herritarrei burutua dagoela sinetsarazi nahi dietela salatu zuten, hala, «jendarteari geldiezina dela helarazteko».
Krisi garai hauetan «euskal Y»-aren bideragarritasuna zalantzan jartzen duten «ahotsak» oker dabiltzala iritzi zion Patxi Lopez lehendakariak.
AHTren aurkako taldeak proiektuaren inguruko informazio murritza salatu zuen. Zizurkil-Andoain tartean desjabetuak zeintzuk izango diren ere ez dakite.