Lapurreta egin dute Erromoko Itzubaltzeta gaztetxean
GARA | GETXO
Itzubaltzetako gazte asanbladak pasa den ostegun gauean gaztetxean egindako lapurreta salatu zuen atzo, komunikabideetara bidalitako prentsa oharraren bidez.
Asanbladak azaltzen duenez, lapurrak gauerdian sartu ziren gaztetxera, eraikinaren atzeko parteko leihoa apurtu eta gero. Azken bi hilabeteetan bi lapurreta izan dira Itzubaltzeta gaztetxean, eta bietan dirua eraman dute, lehendabizikoan ordenagailu eramangarria ere eraman zutelarik.
Gazte asanbladak adierazi duenez, «edozein lapurretak erantzun bat izango du». Gaztetxea «herritik herriarentzat gogoz eta ilusioz eraikitako gazteon etxea» dela nabarmentzen dute, gazteok autogestionatua eta kudeatua, eta beraz, «jarrera horiek herrian ez ditugu onartzen», gaineratzen dute.