GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Mikel Petuya Ibai Peñaren laguna

Ibai Peña: kaleko umea, kalearen semea

Ibai matxinatzeko jaio zen. Eta kartzelan ere zapaldu nahi izango dutenen aurka matxinatuko da; ez dut zalantzarik. Matxinada ez daramalako soilik kaputxadun sudadera beltzean inprimatuta. Matxinada ez daramalako soilik bizkarrean idatzia edo sorbaldan tatuatuta. Matxinada, Ibaik, odolean darama

Ghetto» hitzak Venezian omen du jatorria, XIV. mendean, venezierazko geto hitzean, hain zuzen. Izan ere, garai hartan, juduak burdinaren galdaketa lantegi batean aritzen ziren lanean, auzoari izendapena emango zion tokian zegoen lantegi batean. Ondotxo dakigunez, «ghetto» hitza, jatorriari zor, juduak bizi ziren auzoak izendatzeko erabili izan da historian zehar, nahiz eta, egun, etnia edo jatorri bereko pertsonak bizi diren auzoak izendatzeko erabiltzen dugun, zentzu zabalagoan. Euskaraz, juduen auzoek «judutegi» izena izan dute eta Gasteizkoa da Euskal Herriko ezagunetakoena. Ibai Peña ere Gasteizkoa dugu, Zaramaga auzokoa, baina Ibai ez da batere ghettozalea.

Historian zehar fenomeno arrunt bezain naturala (izan) da beren lurralde/sorterritik ihes egin behar izan duten pertsonak elkartu eta beren arteko batasunean elkarri babes ematea. Euskaldunek ere halaxe sortu zituzten munduan sakabanatuta dauden euskal etxeak. Euskal gatazka gisa ezagutzen dugun gatazka garaikidean, berriz, hamaika izan dira Hego Euskal Herritik ihesi Ipar Euskal Herrira etorritako gizon-emakumeak. Euskal Herria delakoaren barruko espainiar eta frantziar Estatuen arteko muga zeharkatzean, Bidasoa ibaiak banatzen dituen bi errealitateez jabetzeko aukera izaten du bidaiari behartuak. Hegoaldetik etorritako iheslariek iparraldeko lagunei azken hauek erakutsitako eskuzabaltasuna inoiz eskertu ezingo dieten arren, «beste errealitate» horretan integratzea ez da beti lan samurra izaten, arrazoi ugari tarteko. Horren lekuko dira, hegoaldetik iritsitako iheslariek maiz sortu dituzten ghettoak. Bada Ibaik, berezkoa dirudien hari hori moztu eta ez du ghettoan bizi izateko beharrik inoiz sentitu. Are gehiago, oso argi erakutsi du hasiera-hasieratik, bertako (eta ez hango) izateko borondatea. Esan eta izan.

Ibaik hiru urte egin ditu Baionan, 2012ko martxoaren 28an Frantziako Polizia Judizialak atxilotu eta epaileak espetxeratzeko agindua eman arte. Lerrootan ez dut Ibaik hiru urte hauetan bizi behar izan duen jazarpen polizialaren inguruko xehetasunik emango, halakorik nahiko lukeen irakurleak Ibaik berak 2011ko urrian idatzitako artikulura jotzea besterik ez baitu (http://www.berria.info/bereziak/konponbideari_begira/testua_ikusi.php?id=8253&mota=analisia). Nik, gaurkoan, Ibairi buruz idatzi nahi dut, ez hark pairatu behar (izan) duenaz.

Esan bezala, Ibai 2009ko otsailean iritsi zen Ipar Euskal Herrira, Espainiako poliziaren atzaparretatik ihesi. Hasiera zalantzati baten ostean, laster egin zuen bere tokia bertako gazteen (eta ez horren gazte direnen) artean. Ibai ezagutzen dugunok, ondotxo dakigu kalea dela bere habitat naturala, espainolez, la kale. Kalean gora, gora kalea. Egunean 25 ordu kalean igarotzeak aukera ezin hobea eskaini dio beti Ibairi harreman askotariko eta, batzuetan, baita exotikoak ere egiteko. Jatorri, ideologia eta tribu urbano ezberdineko kaletarrak dira Ibairen lagunak eta hura haien kide. Orain, giltzapetuta dutela, kaleak hutsik daude eta kalea hutsaren hurrena da.

Militantziari dagokionez, Baionan bizi izan den denboran, Ibaik lezio ugari eman dizkigu, nahiz eta lehena bere buruari eman dion: militante politiko integrala izan zitekeela. Baionara iritsi arte, denok genekien, ondo jakin ere, Ibai mutil «inkonbustiblea» zela, nekea ezagutzen ez duten horietakoa. Ibaik, ordea, Gasteizko garaietako hanka-sartze edo besteren zangotrabatzeen erruz, bere burua oso estimu apalean zuen. Ez-gai sentitzen zen. Hori pentsatzea, bai, hanka-sartze galanta. Baionan militantzia politikoan hasi eta berehala konturatu ginen denok gai zela, edozein militante politiko eta, batez ere, politikaren militante ugari barregarri uzteko gai, alegia. Denbora gutxian, bi ipurmasailekin hamabi aulki estaltzeko gaitasun harrigarria zuela erakutsi zien bere inguruko guztiei. Esan gabe doa, aulkiak estali esan dudala, eta ez berotu, Ibai ez delako aulkian patxada ederrean eserita egotea maite duten horietakoa.

Ibai Ipar Euskal Herriko Gazte (eta ez Gazte bakarrik) Mugimenduko ezinbesteko zutoin izatera iritsi da, lanaren poderioz, lo gutxi eta lanordu amaigabeak egitearen ondorioz. Argi dezagun, dena den, soldatapeko lanek sekula ez diotela interes handiegirik piztu. Baionan lana zuen, bai, Ikastolan eta Udaleku elkartean; dena den, bere lankideek adieraziko dute nik baino hobeto lanean nolako inplikazioa zuen. Baina, ez, soldatapeko lana ez da inoiz Ibairen «aspirazioetan» sartu, asto-lana baita berea, beste edozein gizaki suntsituko lukeen lana. Baionako lagunek sarritan galdetzen zioten ez ote zuen tarteka gelditzeko beharrik sentitzen. Ibaik, ezetz, berak ez dakiela besterik egiten. Tamalez, batzuetan langilerik finenak ere gelditu behar izaten du, bere eskubideak defendatzeko greba egun batean bada ere. M-29an Hego Euskal Herrian deitua zegoen greba eguna arrakastatsutzat jo zuten deitzaileek. Parte hartu zuten batzuek ere halaxe izan zela adierazi didate. Bada, Ibaik egun seinalatu hartan hartu zuen atseden. Egun hartan, Ibaik ezin izan zituen hamalau bilera egin, lau afixa diseinatu eta hiru kolaketatan parte hartu. M-29an, Ibaik ere greba egin zuen, epaile batek hala erabakita.

Ibairentzat, momentuz, kalearenak egin du. Baina poliziek lehenago egin bezala, epaileek ere kale egingo dute Ibai makurraraziko dutela uste badute. Ez dezala inork nire azken esaldia gaizki interpretatu. Ez baita «Gurea da garaipena» eta «Irabaziko dugu» lelo inozoen tankerakoa. Ibai kartzelan dago eta kartzelan sufritu egiten da, asko sufritu ere. Nik Ibai ondo ezagutzen dut eta badakit lagun guztion beharra izango duela espetxealdiari modu duinean aurre egiteko. Baina Ibai matxinatzeko jaio zen. Eta kartzelan ere zapaldu nahi izango dutenen aurka matxinatuko da, ez dut zalantzarik. Matxinada ez daramalako soilik kaputxadun sudadera beltzean inprimatuta. Matxinada ez daramalako soilik bizkarrean idatzia edo sorbaldan odolez tatuatuta. Matxinada, Ibaik, odolean darama. Bere bizitza da. Eta hori ez diote larruazala urratuta ere inoiz kenduko. Ibaik ez duelako borrokan sekula kale egingo.

Eutsi gogor, Ibai!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo