GARA > Idatzia > Euskal Herria

Haur nafarren «hizkuntza exodoaren» amaiera aldarrikatuko dute Larragan

Nafarroako «eskualde ez euskalduna» delakoan kokatuta ere, euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea dutela aldarrikatuko dute hilaren 22an, Larragan, Sortzen-Ikasbatuaz taldeak antolatu duen festan.

p019_f02_148x112.jpg

GARA | LARRAGA

Nafarroako herri eta auzo guztietan euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatuko dute hilaren 22an Larragan Sortzen-Ikasbatuaz taldearen eskutik ospatuko den jaian. Taldeak ohartarazi duenez, Nafarroako derrigorrezko hezkuntzako eskoletako ikasleek Ilargira hamahiru bidaia adinako kilometro egin behar dituzte euskaraz ikasteko. «Hizkuntza exodo» esamoldea erabili dute egoera hori adierazteko.

1.400 ikasle daude egoera horretan, eta orotara bost milioi kilometro egin behar dituzte urtean. Kilometro horien guztien kostua 751.812 eurokoa da. Batez beste 540 eurotik gora ume bakoitzeko, gasolina hutsean.

Egoera hau ez da soilik «eremu ez euskalduna» delakoan gertatzen, Vascuencearen Legearen arabera «eremu mistoan» dauden herrietan ere gertatzen baita hizkuntza exodoa, UPNren eta PSNren Gobernuak araua bide murriztaile batean aplikatzen duelako. Abartzuzan edo Lezaunen, adibidez, nahiz eta eskola izan, ez dute D ereduko eskaintzarik.

Ziraukin (22 ume), Jaitzen (17 ume) edo Mañerun (19) eskolarik ez dute, nahiz eta ratioek eskatzen duten haur kopurua gainditzen duten. «Nafarroako Gobernuak oso azkar ixten ditu eskolak, herrian umerik ez dagoenean. Ordea, ez dugu ezagutzen herririk zeinetan ume kopuruak gora egin duenean eskola berreraikitzen den. Zein da honen arrazoia? Guk oso argi dugu, euskarazko irakaskuntza ez bermatzeko hautua», esan zuen Sortzen-Ikasbatuaz taldeko Nestor Salaberriak.

Ameskoako herrietan 3 eta 4 urteko populazioaren %100ak D eredu publikoan ikasi nahi duela adierazi badu ere, ez zaie ahalbidetzen «eremu ez euskalduna» delakoan kokatuak direla-eta. Noainen, ordea, eremu berean badago ere, D eredu publikoa dute.

D ereduaren eskaera handia den herrietan, Nafarroako Gobernuak TIL eredua bultzatzen du, hau da, ingelesa duena irakas hizkuntza gisa, eta euskararen presentzia hutsaren hurrengoa duena. Hala nola Añorben eta Artaxoan gertatzen da hori.

Herrian euskarazko irakaskuntza ez eskaintzeak ezbeharrak ere ekarri ditu. Errepidean hil zen ume bat 1999an, Oteitzatik Lizarrara klasera zihoala. Oraindik ere beste hamabost ikasle behartuta daude egunero ibilbide bera egitera.

«Egoera honen aurrean, galdera ezberdinak luzatu nahi dizkiogu Jose Iribas Hezkuntza kontseilariari eta errealitate hau mantendu dadin ahaleginak egiten dituztenei: prest zaudete datu hauek esku artean izanik, egunero errepidean jartzen diren umeei gerta ahal zaienaren erantzule egiteko? Prest zaudete familia hauek guztiek bizi duten egoeraren erantzule izateko? Prest zaudete lege baztertzaile honek sortzen dituen ondorio guztien erantzule egiteko?», galdetu zuen Salaberriak.

Hilaren 22ko egitaraua 10.00etan hasiko da dianarekin eta 10.30ean harrera ekitaldia izango da Herriko Plazan. Egun osoan, haurrentzako tailerrak, musika, triki-poteoa, pailazoak, zirkua, kontzertua eta abar luzea izango dira. Horrez gain, 1512ko konkistaren gertakariak ezagutzeko aukera izango da, Larragako gazteluaren inguruan egiteko eskola ibiltaria antolatu dutelako, 11.30ean eta 13.00etan.

erronkari

Erronkarin duela 130 urte Julian Gaiarrek oparitutako eskolan segitzen dute klaseak ematen. Gurasoek berrikuntzak egiteko eskatu zieten joan den ostiralean eskola ikustera joan ziren parlamentariei.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo