GARA > Idatzia > Euskal Herria

Lemoan atxilotu dute igande gauean Santutxun ustez gizon bat hil zuena

38 urteko gizona atxilotu zuten astelehen gauean, Lemoan, igande gauean Bilbon hil zuten 43 urteko gizonaren hiltzailea delakoan. Atxilotuak aurrekariak ditu, osasun publikoaren eta jabetzaren aurkako delituengatik. Droga kontuekin zerikusia izan omen du gertaerak.

GARA | BILBO

Bilboko Iturribide kalean, 43 urteko gizon bat hil zuten igande gauean, labanaz, eta ustezko hiltzailea atxilotu zuten ertzainek astelehen gauean Lemoan. Lakuako Barne Sailak adierazi zuenez, atxiloketa gaueko bederatzietan izan zen eta gizon bat izan zen atxilotua; hain zuzen, igande gauean bertan identifikatu zutena, bere inizialak H.B. dira eta 38 urte ditu. Lakuak emandako datuen arabera, igandean, 20.00 aldera, bi pertsonak liskarra izan zuten Iturribiden. Eztabaidan ari zirela, batek labana atera, eta besteari eraso zion. Zaurien ondorioz hil zen. Ustezko hiltzaileak ihes egin zuen, eta Ertzaintzak ikerketa hasi zuen gertatutakoa argitzeko. Azkenean astelehen gauean atxilotu zuten ustezko hiltzailea.

Liskarraren nondik norakoak

Hildakoak labankada bakarra jaso zuen bihotzean, heriotza berehala eragin ziona. Lekukoen arabera, hildakoa ere armatuta zegoen, are gehiago, bera abiatu zen hiltzailea jotzera. Orduantxe hasi zen liskarra Iturribideko tabernan. Ertzaintzak azaldu zuenaren arabera, ustezko hiltzailea zaurituta zegoen, eta hilketa egin eta gero bere etxebizitzara joan zen, Uribarriko 22. zenbakian. Han, zauriak sendatu zituen -etxeko bazterretan odol orbanak aurkitu dituzte-. Handik ihes egin baino lehen ondasun batzuk hartu zituen. Ertzaintza astelehen egunsentian abiatu zen Uribarriko etxera, baina jada ez zegoen inor.

Ertzaintzak emandako datuen arabera, baliteke drogekin zerikusia duen arazoren batek eragin izana bi gizonen arteko liskarra. Bestalde, atxilotuak hainbat aurrekari ditu, osasun publikoaren aurka eta jabetzaren aurkako delituengatik. Zehazki, orain dela lau urte, zenbait etxebizitzetan lapurretak egin zituen eta droga-salerosketan ere ibilia da.

ATXILOTUA

Astelehenean atxilotu zuten Lemoan 38 urteko gizona, hilketaren susmagarri nagusia. Izan ere, igande gauean identifikatu zuten ertzainek, eta haren bila ari ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo