GARA > Idatzia > Mundua

Oaklandeko unibertsitateko tiroketan, zazpi lagun hilik eta ustezko egilea atxilotuta Larga serie de matanzas

Oaklandeko unibertsitateko tiroketak zazpi hildako eta hiru zauritu utzi zituen. Tiroketen ustezko egileak, ekintza burutu eta ordubetera, bere burua entregatu zuen 10 kilometrora dagoen supermerkatu batean. Langile bat bere kontra ari zelako haserre zegoela adierazi zuen.

p025_f01-199x108.jpg

GARA | OAKLAND

Oaklandeko Oikos Unibertsitatean izandako tiroketak zazpi hildako, hiru zauritu eta atxilotu bat utzi zituen astelehenean. Bost unibertsitatean bertan hil ziren eta beste biak, ospitalean, jasandako zaurien ondorioz.

Howard Jordan poliziaburuak atxilotuak -One Goh izeneko 43 urteko gizona- tiroketa gertatu eta ordubetera bere burua errudun gisa aurkeztu zuela eta momentuz arrazoiak ezezagunak direla adierazi zuen. Gohek ez du aurrekari penalik eta, Poliziaren ustetan, bere kabuz egin zuen ekintza.

«Tamaina honetako kasuak, biktima eta lekuko kopurua eta sortutako kaosa aintzat hartuta» egunetarako lana emango diela azaldu zuen Jordanek.

Atxilotua hezkuntza zentroko gela batean sartu zen goizeko 10.23 aldera; ikasleei hormaren kontra jartzeko esan, eta ezkutuan zeraman arma atera zuen. Gelara sartu orduko ezagutu zuten bere ikaskide izandako hainbat gaztek. Hilabeteak zeramatzan unibertsitatera agertu gabe.

«Jendea korrika hasi zen eta bera, tiroka», esan zuen Gurpreet Sahotak, gertaeren lekuko izan zen 19 urteko neska baten koinatak.

Goh unibertsitatetik irten eta hamar kilometrora dagoen supermerkatu batera joan zen autoz. Bertan jendearen aurka tiroak jaurti zituela eta atxilotua izan behar zuela adierazi zuen. Polizia etorri bitartean segurtasun agente batek atxilotu zuen. Testiguek esandakoaren arabera, atxilotuak ez zuen inongo erresistentziarik jarri eta nahastu samar zegoela zirudien.

Oikos Unibertsitatean erlijioarekin, musikarekin, erizaintzarekin eta medikuntza asiarrarekin zerikusia duten ikasketak ematen dituzte.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo