Hamaika Telebistak eta Azkue Fundazioak sinatu dute «11.bit» saioa egiteko hitzarmena
Gaur, 20.15ean, hasiko da teknologia berriak ezagutu, ulertu eta erabiltzeko saio honen hirugarren denboraldia. Hitzarmenak gazteentzako euskarazko eduki berriak eta erakargarriak sortzea ahalbidetzen du.
Alvaro HILARIO | BILBO
«11.bit» saioa egitea ahalbidetzen duen hitzarmenaren berri eman zuten atzo, Bilboko Euskararen Etxean emandako prentsaurrekoan, Hamaika Telebistaren eta Azkue Fundazioaren arduradunek. Aurreko bi urteotan lortutako emaitza ezin hobeek eragin dute hirugarren urtez lankidetza luzatzea. Hitzarmen berriaren arabera, 28 saio egingo dituzte elkarlanean, eta, hala, berrikuntza teknologikoek, sare sozialek, 2.0 komunikazioak, gadget berriek, eta hainbat bitxikeriak eta bideok lekua izango dute berriro ere, astero-astero, ordu erdiko saioan.
2009ko otsailean Hamaika Telebistak emisioari ekin zionetik, hainbat urrats egin dituzte Bilbon hasita ahalik eta leku gehienetara heltzeko. «Hamaika Telebista ezberdina da; telebista gaztea, urbanoa eta euskalduna da, eta bat dator, bete-betean, Azkue Fundazioak egiten duen lanarekin», esan zuen Fundazioko zuzendari Rodrigo Gartziak. Izan ere, Azkue Fundazioak bere inguruan elkarlanerako lan-sare zabal bat osatzea du helburu. Bestalde, nahiz eta bere egitasmoak eta produktuak euskaldun guztien mesederako sortuak izan, gazteak ditu, batik bat, jomugan, beraiek baitira euskararen biziraupena bermatuko duen belaunaldia.
Hamaika Telebistaren zuzendari nagusi Iñaki Uriak, bere aldetik, Telebistak eman dituen aurrerapauso teknologikoak nabarmendu zituen, hala nola webgune berria edota edukiak euskarri ezberdinetan jasotzeko egindako lanak (Facebook, iPod edota Youtube): «Duela gutxi abian jarritako webgunea ikus-entzunezkoen arloan kokatu behar da, Hamaika eta bere edukiak gailu guztietara eramateko tresna izatea nahi izan dugulako». Bere aburuz, Azkue Fundazioak posible egiten du teknologiaren gaineko eduki hauek sortzea eta eskura izatea: «Teknologia berrietara egokitzen ari gara. Aldi berean, oso gauza inportantea lortu dugu: teknologia horiek telebistarako eduki bihurtu ditugu, txukun-txukun eginda. Hitzarmenak elkarlanaren bide eredugarria erakusten digu hedabideetan gabiltzanoi».
Lau ataleko saioa
«11.bit» honen aurkezle Ane Azkuek azaldu zuen saioaren egitura: albisteak, Azkue Fundazioaren ekimenak, Euskal Proiektua eta sarean topatutako bitxikeriak. «Aurtengo apustua atalak freskoagoak eta dinamikoagoak izatea da. Horretarako, platoan egon beharrean, protagonistengana joango gara», adierazi zuen Ane Azkuek.
Aurreko denboraldietan bezala, Euskal Herrian sortutako berriek, ekimenek, enpresek eta pertsonek izango dute lehentasuna. Saioak etenaldia izango du ekainean, eta urrian bueltatuko da pantailara.
«Ez gara lehenengoak euskara eta azken teknologiak uztartuko dituztenak, zorionez. Urteak dira gure hizkuntzak mende berriarekin topo egin zuela, euskarak bere lekua egin du sarean». Rodrigo Gartziak adierazi duenez, euskara jadanik Wikipediaren 22. hizkuntza da eta gero eta erabiltzaile euskaldun gehiago ari da sarea egunero erabiltzen. «Are gehiago, hiztun aldetik munduan daukagun presentzia baino handiagoa da Interneten daukaguna. Beraz, sarean garatzen diren euskal egitasmo horiek ere, gure ustez, lekua izan behar zuten horrelako telebista saio batean. A. H.