Romney garaile beste hiru estatutan, eta Santorum Pennsylvaniaren zain
Errepublikanoen primarioetan lidergoa sendotu du Mitt Romneyk, beste hiru estatutan irabazita. Bere atzetik, Rick Santorumek, ordea, ez du amore emateko asmorik eta Pennsylvanian egingo diren hurrengo bozketetan garaipena eskuratzeko prest dago.
GARA | WASHINGTON
Mitt Romney enpresariak asteartean Etxe Zuriko giltza eskuratzeko lasterketan erabakigarriak ziren hiru estatuko, Maryland, Washington eta Wisconsingo, bozketa errepublikanoak irabazi zituen. Garaipenok Romney, azaroan ospatuko diren presidentetzarako hauteskundeetan, Barack Obama lehendakariaren aurka lehiatzeko faboritoaren postuan finkatzen dute.
Mitt Romney hautagai errepublikanoak ordezkarien %50eko ATASEA gainditu zuen asteartean, bere hautagaitza egonkortzeko beharrezko izango dituenak. Hala ere, bere helburua lortzeko 1.144 ordezkari bildu beharko ditu abuzturako.
Marylandeko primarioetan, Romneyek botoen %47 lortu zituen, Rick Santorum ultrakontserbadorea, botoen %30ekin, atzean utzita. Washingtonen ere Romney aurretik jarri zen, bozen %68rekin. Santorumek ezin izan zuen bere hautagaitza aurkeztu hor, aurrez eginiko akats batzuen ondorioz. Wisconsinen bi lehiakideen arteko aldea ez zen hain nabarmena izan; %43 Romneyentzat eta %38 Santorumentzat, betiere behin-behineko emaitzen arabera.
Honen arabera, guztira hautagai faboritoak hiru estatuetan jokoan ziren 98 ordezkarien gehiengoa eskuratu behar luke.
Garaipen hauei esker, indartuta eta presidentetzarako hauteskundeetarako hautagai errepublikanoa izango den konbentzimenduz, Obamaren politika ekonomikoa kritikatu zuen bere jarraitzaileen aurrean, emaitzen nondik norakoak ezagutu ondoren. Egungo presidenteari politika «estatistak» izatea eta ekonomiaren suspertzea geldotzea leporatu zion.
Obamak ere Romneyen aurkako hitzak jaurti zituen, jada errepublikanoen hautagaia balitz bezala, eta ideia hori indartuz.
Santorumek, ordea, ez du lasterketa uzteko asmorik eta apirilaren 24an Pennsylvanian egingo diren primarioei begira batuko ditu indarrak, garaipena eskuratzeko asmoz.
«Borrokan jarraituko dut bigarren erdi honetan», adierazi zien bere jarraitzaileei. «Hiru aste ditugu Pennsylvanian gure indarra erakusteko. Irabazteko. Eta bertan irabazi ondoren, maiatzean ezberdina izango da lasterketa». Izan ere, maiatzetik aurrera ultrakontserbadoretzat jotzen diren hainbat estaturen txanda izango da. Atzetik datozenak, Texas, Arkansas, Mendebaldeko Virginia, Ipar Carolina, Indiana eta Kentuky dira.
Rick Santorum, maiatzean zehar egingo diren primarioei begira itxaropentsu agertu zen, tartean joera ultrakontserbadorea duten hainbat estatuk izango baitute hitzordua.