Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Guda estrategia
Guda estrategiaz ari garela, Sun Tzuren pentsamendu bat amaitzeko: menderaezintasuna geure baitan dago, ahuldadea eta hauskortasuna, arerioarenganDenok gara kontziente justiziaren erabilera politikoaz. Herritarrok badakigu epaitegiak estrategia politikoen beste tresna bat besterik ez direla. Alderdiek -boterean txandakatzen diren alderdi espainol hegemonikoek- badakite erabilgai dauzkatela, nahi duten eran eta oztopo barik (momentuko helburu partidistak eta euren arteko indar korrelazio eta gatazka txikiak aparte).
Epaileek ere ondo dakite helburu goren batek bateratzen dituela botere politiko eta judiziala, eta ondo babestuta daudela lehenbizikoen aldetik: agintean edonor dagoela ere, independentzia judizialaren diskurtsoaren atzean zalantza minimorik ere ez da onartzen.
Esan bezala, gauza jakina da, baina, hala ere, itxurakeriazko botere banaketari eusteko, ezkutuan eduki behar da. Ezkutuan edo, behintzat, ez oso agerian. Zelanbait esatearren, sekretu partekatu isildua da.
Edozelan, hain da partekatua, hain da ezaguna, ezen isiltasuna batzuetan apurtu egiten baita. Mikrofonoen aurrean besterik gabe azaleratzen da lantzean behin. Horrelaxe gertatu zitzaion Pastorri astelehenean bertan. Normaltasun osoz azaldu zuen irratitik zertan datzan eta zelan funtzionatzen duen benetan justizia espainolak: zabalik dauden prozesu judizialen aurrean Estatua da erabakitzen duena eta bere erabakia guda estrategia parametroetan azaldu zuen, begiak kliskatu barik. Hemendik presioa egin eta handik presioa lasaitu, nolabaiteko «orekari» eusteko... estutu, baina asaldatu barik. Eta Dignidad y Justicia «elkartearen» irakurketa ere antzera etorri da: «Ea zelan mugitzen duten fitxa orain», «ea zelan hartzen duten».
Konstituzionalaren erabakia konponbide prozesuaren kontra datorrela esan izan da egunotan. Egia da, baina harago doa. Ez daude gatazkaren konponbide prozesu batean, garaipen politikorako prozesuan baino. Basagoitik berak argi baino argiago bota zuen: «Arazoa ez dira presoak, baizik eta garaipen politikoa».
Konstituzionalaren erabakiak -erabaki judizial guztien modura- beste baten labanaz hiltzearen estrategiari erantzuten dio. Erabaki politikoak erabaki judizial mozorratzen dira.
Honela, erabaki politikoek berez eurekin batera dakartzaten balizko ondorio negatiboak desagertzen dira. Erabaki judizialak zalantza jarri ahal dira, baina kontra egiteko jokaleku bakarra epaitegia eta arbitro bakarra epailea da oraindik ere. Eta, gainera, parlamentuetan besaulkiak jokoan egon daitezke, epaitegietan, ordea, ez.
Egia da botere judiziala helburu politikoz erabilia izan dela aspalditik, herrialde guztietan. Baina espainiar Estatuak (eta ez diot espainiar Gobernuak, baizik eta Estatuak) probetxu are handiagoa atera ahal zaiola ulertu zuenez geroztik, politikoki erabilia izatetik guda estrategia eraginkor eta boteretsuena izatera pasatu zen. Guda estrategiaz ari garela, Sun Tzuren pentsamendu bat, amaitzeko: menderaezintasuna geure baitan dago, ahuldadea eta hauskortasuna, arerioarengan.