GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Akaitz Jauregi Irastortza | Zaldibia

Kaixo Jens

Badakit ez duzula euskaraz hau ulertuko, baina ziur naiz bilatuko duzula itzultzaileren bat. Ongi etorri berriz ere Euskal Herrira, hainbeste maite zaitugun herri ttiki eta xume honetara.

Txirrindularitza pixka bat jarraitzen dugunontzat beti izan zara aparta. Txirrindulari bezala lehendabiziko urteetan eta pertsona bezala ere bai geroxeago, zure jokaera asko ikusi eta gero. Asko eman diozu txirrindularitzari, baita zaleei ere. Horren gogotsu eta saiatu gutxi daudela uste dut bai tropelean, baita handik kanpo ere. Eredugarria izan da (eta da) zure jarrera bizikleta gainean eta handik kanpo. Leon Van Bonek ozta-ozta irabazi zizun Tourreko etapa hartatik, azkeneko Paris-Nizakoan beste Leon batek beretsu irabazi dizun arte. Denak esaterik ez dago, ezinezkoa litzateke. Credit Agricolerekin Tourreko etapa gogoangarri hura, zeu bakarrik tropelaren aurka! Sastrerentzat Tourmaleteko igoera! Handik 3 urtera leku berean Luxenburgoko 2 anaiekin bakarrik geratu zinen. Non ziren taldeko «igotzaileak»? Berriro diot ezinezkoa dena kontatzea.

Eta ikusi ahal izan ez ditugunak? Auskalo...

Guztia irabaztea ez dela bizitzan ere irakatsi diguzu. Eta loreak eta muxuak beste batzuk eramanagatik, betirako geratuko zarete zu eta zu bezalako asko gure oroimenean. Baditugu gure ondoan Txente, Zandio... eta tankerakoak. Erregea soldadurik gabe inor ez dela erakusten duzue zuek egunero lasterketetan. Eta bizitzako beste arlo guztietarako balio dezakeen ikasgaia da.

Iazko gutunarekin hunkitu gintuzun erabat azkenean. Zorretan sentitzeraino. Ez dauka inolako helburu berezirik gutun honek. Horixe, esker hona erakustea soilik.

Asko gozatu dugu eta gozatzen dugu zure korritzeko erarekin. Horrelaxe jarrai dezazun ahal duzun guztian eta ikas dezatela tropelkide gazteenek harrokeriak pedaletan erabiltzen eta ez hizketan eta ibileran. Besterik gabe, mila esker berriro ere, segi dezazula horren haundi izaten beti. Txirrinduzale euskaldun gehienon bihotzean izango zara beti, eta gogoan, izan ikurrina bat edo arrano beltz bat dagoen tokian, lagun bat izango duzula esku bat botatzeko, itzulian tourrean edo bavieran. (Markel, Haimar edo tropeleko euskaldunen batek itzuliko dizula pentsatzen dut.)

Ich danke ihnen sehr Jens. Diese in unseren herzen!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo