GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Aitzol

Denok ikusi dugu komunikabideetan Aitzol Gogorza. Buruko gaixotasuna daukala esaten dute, harrigarria edo lotsagarria balitz bezala, eta Gobernuak Basaurira hurbiltzeko begirunea izan duela. Gobernuaren keinutzat jo dute askok hurbiltzea. Deigarria da komunikabideek hainbatetan nola ahazten dituzten kazetaritzaren galdera oinarrizkoak. Gaixo dagoela diote, baina ez nola gaixotu den. Nola gaixotu da Aitzol? Ez dakigu, eta ez dugu jakin nahi. Nahiago dugu gaixoa «dela» esan, erantzukizun guztia harentzat utzita. Gaixotu da, bera bakarrik, oharkabean. Urteetan soka tenkatzen ibili zaizkio, ordea, Aitzoli, 11 urte luzez Lorentxa Beyrie bikotekidea ikusteko eskubidea galarazi diote. Ez da lehen aldia Europan norbait zigortzeko bere bikotekidearengandik bereizten dutena, halakoak franko ikusi genituen Auswitzeko kontzentrazio esparruetan. Emazteak eta umeak sutara. Zaila behar du egunero-egunero ohetik jaikitzea zeure maitea ezin ikusiko duzula jakinez. Egunak badoaz, hilabeteak, urteak ere bai. Gauez maitearen eskuak oroitu nahi dituzu, haren usaina, eta errudun sentitzen zara ahazten hasia zaizulako. Begiak zabaltzen dituzu, eta une batez pentsatzen duzu hura guztia amets gaiztoa dela, ohearen beste aldean gorputz beroa izango duzula, baina errealitatea sarrailen hotsarekin batera sartzen da ziegan. Eta hantxe hasten da beste egun bat. Ez daukazu ezer, lau horma eta bakardadea, lau horma eta boligrafo bat. Idazten saiatzen zara, hitz kaskar batek elkarrekiko ausentzia ahaztaraziko dizuelakoan. Badakizu, ordea, alferrik dela. Eta horixe da zeure bizitzari geratzen zaion gauza bakarra, keinu ezdeus hori. Zergatik? Zertarako? Argazki bat nahi dutelako, irudi bat gu guztiontzat abisu izan nahi duena: halako sadismoz zapaltzen ditu Estatuak bere etsaiak. Hurrengoak zuek izan zaitezkete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo