Ipar Euskal Herrian sortu bezain fite, manifestazio nazionala deitu du Herrirak
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan ere Herrira mugimendua aurkeztu eta hedatzeko asmoa azaldu zuten Biarritzen elkartutako 50 lagunek. Bere lehen hitzordu nagusiaren berri ere eman zuten: urriaren 13an Baionan egingo den manifestazio nazionala.
Arantxa MANTEROLA | BIARRITZ
Herrira mugimenduarekin bat egiten duten hamarka gizon-emakumez inguraturik, Saroia Galarraga eta Chantal Arrambelek Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan ere preso eta iheslariak etxeratzea ahalbidetzeko xedea duen ekimena aurkeztu zuten atzo, Biarritzen.
Hamar bat lagunek osatutako talde dinamizatzailearen izenean, bi bozeramaileek Herriraren helburuak gogora ekarri zituzten, hots, euskal presoei aplikatzen zaizkien lege bereziak deuseztatzea, bereziki sakabanaketa politika, 197/2006 doktrina, «mitard» eta isolamendua, eta eri diren eta baldintzapean askatuak izan daitezkeen presoak libratzea.
Horiekin batera, presoak Euskal Herrian biltzeko eta iheslari politikoen kontrako jazarpena amaitzeko lan egingo dute, bi kolektiboek prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera izan dezaten. Azkenik, «gatazka politikoaren konponbide integralaren» jomugan, biak ala biak etxeratzea izango dute helburu behinena.
Hedapena helburu
Mugimendu «berritzailea, dinamikoa, bateratzailea eta determinatua» izan behar duela nabarmenduta, Ipar Euskal Herrian zehar hedatzeko asmo tinkoa agertu zuten: «Luzatu gabe, Iparraldeko toki guztietan -herri, auzo, lantegi, elkarte- taldeak osatu eta jendeari Herriran parte hartzeko gogoa piztea dugu helburu».
Horien karietara, lantaldeak osatzen hasiak direla adierazi zuten. Ez hori bakarrik, dagoeneko «elkartasun hitzordu garrantzitsua» finkatua dute: urriaren 13an, manifestazio nazionala, Baionan.
Mobilizazioa garaiz iragarri dute, hilabeteotan hori lantzen joateko asmoz. Izan ere, segur dira sekulakoa izango dela. «Gaurdanik segurtatzen dizuegu, gainera, manifestazio hori historikoa izanen dela», esan zuten Galarraga eta Arrambelek.
Aldarrikapen horiek «Parisi entzunarazteko» baliatu nahi dute lehen mobilizazio handi hori. Leloa ere hautatu dute dagoeneko: «Eskubide guztiekin, Euskal Presoak Euskal Herrira».
Joan den otsailaren 5ean Donostian sortu zen Herrira mugimendua Ipar Euskal Herrian sustatzeko, biharamunetik talde dinamizatzailea osatu zen eta, hiru lurraldeetan ekimen hori ahalik eta gehien hedatzeko xedea dutenez, taldearen lehen egitekoa mugimendua bera ezagutaraztea izango da.
Hala, hurrengo asteetan zenbait aurkezpen publiko egingo dituzte: apirilaren 19an Maulen (20.00), 25ean Kanbon (20.00), 26an Biarritzen (19.00) eta Donibane Garazin (20.00), maiatzaren 4an Donapaleun (20.30) eta 5ean, berriz, Hazparnen (10.00).
Jada ohikoak bilakatu diren hileko azken ostiraleko mobilizazioetan parte hartzeak duen garrantzia aipatu ostean, prestatuak dauden beste hitzordu batzuren berri eman zuten; hala nola, apirilaren 17an, 19.00etan Baionako Auzitegiaren aitzinean Ion Kepa Paroten egoera salatzeko elkarretaratzea egingo dute. Apirilaren 21ean, preso eta iheslarien aldeko eguna ospatuko dute Senperen eta 28an, autobus bat abiatuko da Gradignaneko espetxera Naia Lacroix preso senpertarra sostengua ematera.
Elkartasun itsasoa
Arrambel eta Galarraga Herrirak hautatutako urdin kolorearen sinbolismoaz mintzatu ziren. «Errekak eta ibaiak betetzen dituen uraren kolorea irudikatzen du kolore horrek eta, horrenbestez, herri dinamika azkarra izanen den Herrira mugimendua korronteak biderkatzeko eta elkartasun itsasoa osatzeko» tresna baliotsua izango delakoan daude.
«Euskal preso eta iheslariak libre eta dagozkien eskubideen jabe, aldaketaren aktore» izatea ez dela «epe luzerako helburua» baieztatuta, «gehiago itxoin ez dezakeen ezinbesteko zerbait» dela gaineratu zuten, eta herritarren engaiamendua -«ttipia edo handia izan»- eskatu zuten. Bukatzeko, Herriraren helburu behinena «ahal bezain fite desagertzea» dela nabarmendu zuten.
Egun horretarako, «elkartasun hitzordu garrantzitsua» finkatu du Herrirak, Baionan. Segur dira Parisi beren aldarrikapenak entzunarazteko deituriko manifestazio nazionala «historikoa» izango dela.
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan ekimena ezagutaraztea eta ahalik eta gehien hedatzea du xede Herrirak. Tokiko Herrira bilguneak sortu eta bertan, nor bere ahalmenaren arabera, engaiatzera deitu dute.