GARA > Idatzia > Ekonomia

ELKARRIZKETA | Xabier Isasi, Gaindegia Behategiko lehendakaria

«Euskal Herriko errealitatearen erakusleiho izan nahi dugu»

Gaindegia behategiak urrats garrantzitsua eman du Euskal Herriko errealitate ekonomiko eta soziala ezagutarazteko: blog berri bat jarri du abian informazio guztia modu eraginkorragoan zabaltzeko. Xabier Isasi lehendakariak blogean sartu eta datu jarioa erabiltzeko gonbidapena luzatu du.

p024_f01_1894.jpg

Joseba SALBADOR | DONOSTIA

Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak zortzi urte daramatza Euskal Herriari buruzko datu estatistikoak zein iritziak bildu eta plazaratzen. Orain arte, urtez urteko datuekin liburu moduko txostenak argitaratzen zituen, baina orain urrats garrantzitsu bat eman du blog berri bat sortuz, informazio hori guztia sakondu eta modu eraginkorragoan zabaltzeko. Xabier Isasi (Deustu, 1956) EHUko Psikologia Fakultateko irakaslea da Gaindegiako lehendakaria eta hitz gutxitan laburbiltzen du elkartearen helburua: «Euskal Herriaren erakusleiho izan nahi dugu».

Zerk bultzatu zaituzte blogaren ekimen berria abian jartzera?

Orain arte argitaratzen genuen urtekariaz gain, bagenuen web orria martxan, baita posta elektroniko bidezko 3.000 pertsonako sare bat ere. Hala ere, beste sektore askotan gertatzen ari den bezala, Interneteko presentzia gehiago landu behar zela ikusten genuen. Alegia, hutsune bat zegoela ekonomia eta gizarte alorreko informazioa nazio ikuspegi batetik zabaltzeko.

Zeintzuk dira blogaren eduki nagusiak?

Batetik, lehendik eskaintzen genuen atlasa orain ere eskuragarri dago. Bestetik, Gaindegia.org webgunean bildutako dokumentazio guztia ere eskaintzen dugu, guk izan ditugun mintegiak, eztabaidak eta dokumentu interesgarrienak. Sortu dugun bloga lanabes kolaboratiboa izatea nahi dugu, hau da, adituen bilgune bat. Gainera, gaurkotasun handiagoa izango du; ia egunero berrituko dira edukiak, eta horiek arinak izango dira, berri laburrak ere zabalduko baititugu. Eta kasu guztietan Euskal Herri osoari buruzko datuak kontsultatu ahal izango dira. Hori bai, erabiltzaileak aukera du herrialde bakoitzeko datuak hautatzeko, baita eskualde zein udalerrietakoak ere.

Datuen elaborazio mailari dagokionez ere urrats bat eman duzuela uler daiteke?

Bai, orain arte informazio gordinak zabaltzen genituen. Baina denborarekin ikusi dugu Gaindegiara iristen den egunerokotasun hori landu egin behar dela eta elaborazio maila jakin batekin zabaldu, batez ere komunikabideei. Eta horixe da, hain zuzen, blogaren espiritua, datu gordinei nolabaiteko interpretazioa ematea, testuinguru batean jartzea, adibidez, Euskal Herriko datuak Alemaniako landerretako datuekin alderatuz, edota Eskoziakoekin. Hala ere, argi daukagu gure eginkizuna ez dela informazioa baloratzea. Gure xedea Euskal Herriko ekonomia eta gizarte arloko informazioa bildu eta zabaltzea da. Adibidez, Interneten erabilera Euskal Herrian zenbatekoa den esango dugu, baina hori ona den, aski den, gutxi den... beste norbaitek esan beharko du, adituak daude horretarako.

Harpidetza bitartez egingo al duzue lan?

Hasiberriak gara. Hilabete eskas pasa da bloga abian jarri genuenetik; ikusi dugu jende asko ibili dela begiratzen eta seguru aski lehenengo urtean horrela jarraituko dugu, jendeak ikus dezan nola funtzionatzen duen, bai gestio aldetik bai kolaboratzaileen aldetik ere. Zentzu horretan, gertutik jarraitzen ari gara harpidetza eta bisita kopurua, baina baita ematen zaion erabilera ere. Horren arabera, beharrezkoak ikusten ditugun aldaketak egingo ditugu.

Euskarri aldaketa soilik ez da izan, beraz.

Bai, iruditzen zaigu partaidetza ere handiagoa izan daitekeela eta gure ahaleginak horretara bideratuko ditugu, gure proiektua gizarteratu eta ikuspegi kolaboratiboa sakontzeko.

Blogean pisu berezia izaten jarraituko al du Gaindegiaren atlasak?

Hasieratik izan dugu argi geografia eta informazio teknologiak erabili behar genituela, eta, hain zuzen, hortik eratorri zen Euskal Herriko atlasa. Bertan, guk bildutako informazio estatistikoa jasotzen dugu, erabiltzaileak bere erara antola dezan, mapak edo grafikoak marrazteko, proiektatzeko, eta abar. Badakigu unibertsitate arloan Euskal Herritik kanpo erabili izan dela, Euskal Herriko adierazle makroekonomiko eta demografikoak erakusteko. Eta horretarako lau hizkuntza erabiltzen ditugu, lehenik euskara, gero gaztelania eta frantsesa, eta, zenbait gai, baita ingelesez ere.

Erabilpen mailaren aldetik, zein dira zuen aurreikuspenak?

Interneten dagoen arazoa ez da produktu bat sortzea, hori nahiko erraz egin daiteke. Zailena bizirik mantentzea da. Hori kontuan hartuta, gaurkotasuna mantentzen saiatuko gara, eta, lehen esan dudan moduan, ia egunero berrituko ditugu edukiak. Zentzu horretan, gonbidapena egin nahi dugu Gaindegia.org webgunean sartu eta gaindegiaINFO bannerra aukeratu eta erabiltzeko. Blogak zentzua badu, erabiltzen delako izango da. Komunitate txiki bat eratu eta jendearekin harremanetan jartzea da nahi duguna. Irrikatan gaude.

Finantzaketa aldetik, nola antolatu duzue proiektua?

Ezohiko ekarpena eskatu behar izan diegu bazkideei. Izan ere, krisiaren eraginez guri ere diru laguntza publikoak murriztu egin dizkigute. Hala ere, gure misioa publikoa den neurrian, borrokatzen jarraituko dugu diru laguntza iturri hori erabat itxi ez dadin.

 

HUTSUNEA BETE

«Hutsune bat zegoen ekonomia eta gizarte alorreko informazioa nazio ikuspegi batetik zabaltzeko»

KOMUNITATEA

«Komunitate txiki bat eratu eta jendearekin harremanetan jartzea nahi dugu. Irrikatan gaude»

GAURKOTASUNA

«Blogak gaurkotasun handiagoa izango du; ia egunero berrituko dira edukiak, eta horiek arinak izango dira»

TESTUINGURUA

«Blogaren espiritua datu gordinei nolabaiteko interpretazioa ematea da, testuinguru batean jartzea»

«Gezurra dirudi baina 2008ra arte inork ez zekien zehatz-mehatz Euskal Herriko biztanle kopurua»

Gaindegiaren jarduna orain dela urte dezente hasi zen, nahiz eta gehienetan bere lana isilean egin.

Gaindegia 2004. urtean sortu zen elkarte moduan, baina lanean urte batzuk lehenago hasi zen, izaera desberdineko eragileak bilduz, hau da, profesionalak, enpresariak, unibertsitateko ordezkariak, sindikalgintzakoak eta hedabideetakoak, betiere Euskal Herriko ekonomia eta gizarte eremuak bere osotasunean hartzea helburu. Baina hasieratik, Gaindegiaren xedea Euskal Herriko ekonomia eta gizartearen garapenerako behatokia bihurtzea izan da.

Zuen helburua, beraz, Euskal Herriaren ezagutza zabaltzea da, gizarte eta ekonomia arloko adierazle nagusiak bilduz.

Hasiera-hasieratik konturatu ginen Euskal Herriaz asko hitz egiten zela baina Euskal Herria zertan zen ez genekiela. Gezurra dirudi baina 2008ra arte gutxi gorabehera inork ez zekien zehatz-mehatz zenbat biztanle zeuden Euskal Herrian, edota zenbat udalerrik osatzen duten Euskal Herria. Eta hortik aurrera, zein den adin-piramidea, zenbatekoa den Euskal Herriko barne produktu gordina, langabezia tasa... Alegia, Euskal Herriko biztanle kopurua, zenbat udalerri zituen, nola zeuden antolatuta, eta abar. Eta hortik hasi ginen, definizio operatiboa zehazten, eta, azkenean, 685 udalerriko bilduma osatu genuen, eskualdeetan antolatuta eta azken horiek herrialdeetan eta egungo gune administratiboetan. Horrekin definizio operatiboa zehaztuta genuen eta hortik aurrera metodologia zehazten hasi ginen. Hobetsi genuen metodologia Eurostat erakundeak erabiltzen zuena izan zen, eta informazioa biltzerakoan jartzen zituen irizpideak jarraitu genituen, pentsatzen genuelako Euskal Herria «nazio estandarra» izan behar dela, bere adierazleak alderatu ahal izateko.

Zeintzuk dira, nagusiki, zuen txostenak osatzeko erabiltzen dituzuen informazio iturriak?

Gure informazio iturri nagusien artean daude Eustat institutua, espainiar eta frantziar estatuetako INE eta INSEE, eta Eurostat. Baina horrek metodologia arazo batzuk sortzen dizkigu, erakunde bakoitzak informazioa modu desberdinean biltzen baitu; hortaz, informazioa estandarizatu eta egokitu egin behar dugu gure erabiltzaileei ahalik eta informaziorik osatuena emateko. Hori bai, zabaltzen dugun informazioa ahalik eta gardenena izan dadin, beti iturria aipatzen dugu.

Blogarekin hasi baino lehen, nola zabaltzen zenuten informazioa?

Urtez urte txostenak argitaratzen ditugu, bertan Euskal Herriari dagokion informazio estatistikoa bilduz, baina baita urtean zehar gertatutako gai nagusien aipamenak ere, adituei eginiko elkarrizketen bitartez edo beren gogoetak argitaratuz. Webgunea ere ia hasieratik jarri genuen martxan, aplikazio informatiko berezien bitartez, geografia eta informazio teknologiak uztartuz. J.S.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo