GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Heriotza Albanian (III)


Emazteak, ordea, bestelako iritzia du Kanunaz eta haren menpe bizi diren herritarrez. Iruditzen zaio zama ikaragarria izan behar duela familiako kideren baten heriotza mendekatu behar izateak, are gehiago heriotza hori inork gogoratu ezin dezakeen gertaera bategatik jazo denean. Zentzu horretan, Kanunari jarraituz bizi direnek bizimodu tragikoa daramatela begitantzen zaio; tragikoa, hain zuzen, haren denboratasunaren jabe ez direlako. Jakina, senarra ez haserraraztearren bere golkorako gordeko ditu pentsamendu horiek.

Hiriko bikoteaz gain bada nobelan pisu handia duen hirugarren pertsonaia bat: bere anaiaren heriotza mendekatzea egokitu zaion Gjorg. Mendekua beteta printzeari odol zorra ordaintzera abiatzen delarik (hildako bakoitzeko diru kopuru bat eman behar du hiltzailearen familiak), egindakoaz eta, oro har, Kanuna osatzen duten legeen balioaren gainean gogoeta egiten du Gjorgek. Aitak hala eskatuta hil du aurretik bere anaia hil zuen gizona, baina beragatik izan balitz gatazka bertan behera geratuko zen. Izan ere, Gjorgek jakin badaki hiltzaile izatetik biktima bihurtzera hogeita hamar eguneko epea besterik ez dagoela, Kanunak hala ezarrita. Epe hori beteta, hildakoaren familiako gizonetako batek Gjorgekin akabatzeko askatasuna eta beharra izango du. Gjorg, baina, gaztea da hiltzeko. Ezkondu eta familia bat hazi nahiko luke, baina mendekuaren sistema dela eta, ez da udaberria amaitzera helduko. Hiltzen dutenean, aitak mendekatu beharko du haren heriotza. Ondoren hildakoaren familiak aita hilko du, eta, aita denez Gjorgen familiako azken gizona, bertan behera geratuko da auzia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo