GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Bell's Beach 2012: Mick Fanning australiarrak kanpai hots artean menderatu du Slater

WCT zirkuituko bigarren proba Bell's Beacheko eskuin olatuan jokatu da. Surfaren historian garrantzia handia duen guneak berebiziko ospea dauka australiarren artean, eta, hain zuzen ere, Mick Fanning australiarrak irabazi du azken proba bere aberkideen pozerako.

p054_f02_148x112.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

WCT zirkuituko bigarren proba jokatu zuten pasa den astean Bell's Beachen. Eskuin olatu honetan ohiko den moduan ikuskizuna ederra izan zen; lehiakideek dotoreziaz marraztu zuten olatua, eta, azkenean, australiar bat nagusitu zen, Mick Fanning.

Australiar batentzat Bell's Beacheko kanpaia irabaztea ohorezko garaipena da, eta, bide batez amerikar bati kanpaia eskuratzeko aukera kentzen bazaio, australiarren arteko poza biderkatu egiten da. Izan ere, Bell's Beach mundu osoko surflarientzat da leku esanguratsua, baina batez ere australiarrentzat, bertako ondare preziatuenetakoa dute-eta Victoriako hegia.

Iaz txapelketak 50. urteurrena ospatu ostean, aurten ere atzera begira jarri eta bertan jazotako zenbait gertaera ekarri dituzte gogora antolatzaileek. Hala, zendu berri den Michael Peterson omentzeaz gain, orain 25 urte Nicky Woodek lortutako garaipen bikaina gogoratu dute.

1961ean egin zuten lehen txapelketa. Irabazlea Jorge Smith Ming izan zen, eta libra bateko (euro eta erdi) diru-saria jaso zuen. Diru-saria txikia izan arren, diru-saria zen, eta horrek lehen txapelketa profesional bilakatu zuen lehiaketa hura.

Lehiaketaren ospea handituz joan zen, eta, bi urteren buruan, 1963. urtean, hartu zuen egun daukan izena: The Bells Beach Easter Rally, alegia, «Kanpaien Hondartzako Pazkoko Bilkura».

1973an munduko txapelketako proba bat hartu zuten lehen aldiz. Babesle nagusia prakak egiten zituen Amco izeneko enpresa izan zen, baita gero eta indar handiagoa hartzen hasia zen bertako Rip Curl surf denda ere.

Ordutik surf modernoak azken lau hamarkadetan izan duen bilakaeraren lekuko zuzena izan da Bell's Beach. Hiru lemako taula, esaterako, bertan estreinatu zen.

70eko hamarkadan oraindik lema bakarreko taulak erabiltzen zituzten. Garai hartan munduko lehen hamar surflari onenen artean zegoen Simon Anderson. Mark Richards bi lemako taularekin agertu zen, ordea, eta zirkuituko jaun eta jabe bilakatu zen. Gertatutakoak eragin handia izan zuen Simonengan; hala, taulen diseinuan buru-belarri murgildu eta, 1980ko urrian, hiru lemako taula aurkeztu zuen: «Thruster» izena eman zion.

1981ean, Bell's Beacheko txapelketa ospetsua irabazi zuen bigarren aldiz Simonek. Horrek hiru lemako taula ezagutarazi zuen, sekulako iraultza sortuz: diseinu berriak surf egiteko modu berri bat ekarri zuen.

Saria jaso eta txapelketari amaiera ematen dion kanpai hots famatua entzun ostean, mozkor-mozkor eginda zegoen kide batekin egin zuen topo aparkalekuan. Duey Duncan taula egile kaliforniarra zen eta gerritik behera larrugorritan zegoen, oihuka, haserre; hiru lemako sistema berak hamar urte lehenago asmatu zuela eta Simonek meritu osoa lapurtu ziola zioen. Halako batean Simonen aurka oldartu zen eta australiarrak, oraindik irabazi berri zuen garaikurra (kanpaia) ezker besoan zuela, eskuin besoaz erasoa ekidin eta aurkaria menderatu ahal izan zuen.

Bell's Beacheko txapelketa irabazi duen lehiakide gazteena da Nicky Wood. 1987an, 16 urte baino ez zituela, irabazi zuen kanpaia. Etorkizun handiko surflaria zen, baina, aldiz, Australiako taberna zuloetan desagertu zen.

2010ean, 40 urte zituela, Burleight Headseko txapelketa batean parte hartzera gonbidatu zuten eta Mark Occhiluporen aurka lehiatu zen. Ochilupok ozta-ozta garaitu zuen.

Nickyk munduko txapelketako lau proba irabazi zituen lehiatzen zen sasoian, baina bada oso ezagun egin zuen garaipen bat, 1991n Brasilgo Guarujako hondartzan lortu zuena.

Fabio Goubeia brasildarraren aurkako finala hastear zela bozgorailuetatik behin eta berriz deitzen zuten Nicky, baina ez zen inondik ere haren arrastorik. Finala hasi zen, hondartza jendez gainezka eta Goubeia bakarrik uretan. Halako batean, jada txandaren erdi aldera, hondartza ondoan zegoen hoteletik atera zen lasai-lasai Nicky, prakak jantzita, esku batean toalla eta bestean taula zituela. Patxada osoz arropa aldatu eta itsasoratu egin zen. Itsaski handia zegoen eta kosta egiten zen barruratzea, baina Nickyk bi olatu hartu eta txapela eskuratu zuen.

Mark Richards australiarrak lau bider irabazi zuen kanpaia; Michael Peterson, Nat Young, Kelly Slater, Sunny Garcia eta Joel Parkinsonek hiru aldiz. Tom Curren, Andy Irons eta Stephanie Gilmorek bi aldiz. Horiek guztiak eskuin surflariak dira eta aurten ere eskuin surflari bat gailendu da: Mick Fanning.

Kelly Slaterrek eta Joel Parkinsonek Mark Richardsen errekorra berdindu nahi zutela-eta, ikusmin izugarria izan da azken txapelketan. Kelly garaipenetik gertu izan zen, baina Fanning nagusitu zitzaion herrikideen pozerako; kolpe handia litzateke australiarrentzat Mark Richardsen errekorra amerikar batek berdintzea. Bell's Beachek historia baitu, batez ere australiarren bihotzetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo