GARA > Idatzia > Mundua

ELKARRIZKETA | Danilo F. Borjal eta Audrey Beltran, Filipinetako ekintzaileak

«Filipinetako Gobernuak ez du negoziatzeko benetako borondaterik»

Danilo F. Borjal hainbat alderdi politiko, erakunde, sindikatu eta gizarte mugimenduk osatutako Filipinetako Fronte Nazional Demokratikoko (NDFP) kidea da. Audrey Beltran La Cordillera eskualdeko eskubide zibilen aliantzako kidea da, Filipinetan eskubide zibilen alde lan egiten duen erakundea.

p021_f01_199x124.jpg

Garazi MUGERTZA | DONOSTIA

Filipinetako herriak urte luzez bizi izan du gatazka politiko eta armatua. Horren protagonistetako bat Filipinetako Fronte Nazional Demokratikoa (NDFP) koalizioa da, alderdi politiko, sindikatu, gizarte mugimendu eta abarrez osatua. NDFP koalizioa Filipinetako Gobernuarekin negoziaketa prozesu luze eta gogor batean murgilduta dago orain dela 11 urtetik, azken horren konpromiso eta interes faltaren ondorioz inoiz amaitzen ez den prozesua.

Euskal Herrian ere bada urteetan zehar luzatu den gatazka, eta, hain zuzen ere, eginiko borroken eta sortutako panorama berriaren inguruko ideiak bildu asmoz filipinar ordezkaritza bat izan da gure artean egunotan.

NDFP mugimenduko Danilo F. Borjal eta La Cordillera eskualdeko eskubide zibilen aliantzako Audrey Beltran ekintzaileak dira egunotan Euskal Herria ezagutzera etorri direnak. GARAk eurekin egoteko aukera izan du.

Fronte Nazional Demokratikoak kanpo inperioekiko benetako independentziaren alde, demokraziaren alde, herrien egiazko garapenaren alde, pobreziaren aurka eta bizi baldintza hobeen alde -batez ere nekazari eta langileenak- egiten du lan. Negoziaketen bitartez Filipinetan garapen ekonomiko egokia ematea dute helburu, inongo lotura inperialistarik gabe, baita erreforma sozioekonomikoen, politikoen eta instituzionalen bitartez demokrazia ezartzea ere. «Negoziaketetan gatazkaren arrazoiak mahai gainean jartzea eta erreformei ateak irekitzea oso garrantzitsua da. Hori lortuz gero bake iraunkor baterako oinarriak jarrita lirateke», azaldu du Borjalek.

La Cordillerako eskubide zibilen aliantza, bake prozesua babesten duen talde legala da, giza eskubideen aldeko lana egiten duena. Prozesuari dagokionez, jarraipena egin, informazioa bildu, txostenak osatu eta proposamenak helaraztea da euren lana. Horrez gain, indigenen eskubideen inguruan kontsultak ere landu dituzte -La Cordillera eskualdeko biztanleria indigena da-, jasotako emaitzak NDFPri eta Gobernuari helaraziz.

Momentuz, ordea, prozesuak aurrera jarraitu arren, negoziaketak geldirik daude, Manilako Gobernuaren «borondate txarra» dela eta. Izan ere, Filipinetako Gobernuak negoziaketa prozesuan aholkulari lanetan ari ziren NDFPko hainbat kide atxilotu ditu. Horrek, Borjalen ustez, argi eta garbi erakusten du Gobernuaren «seriotasun falta» negoziaketa prozesuan: «Bere interes bakarra indar iraultzaileak desarmatzea da, ez gatazkaren oinarriak konpontzea». «Arnaldo Otegirekin Euskal Herrian gertatzen den moduan» atxilo mantentzen dituzten aholkulari horiek kalean egon beharko luketela uste dute bi ekintzaileek, negoziaketei berriro ekin ahal izateko. «Bi aldeen arteko konfiantza lortzea beharrezkoa da», dio Beltranek, izan ere, «herrien eta herritarren eskubideak daude negoziaketen bihotzean».

Horretarako negoziaketen oinarrizko puntua den eskubide zibilen errespetua behar-beharrezkoa da. Hain zuzen ere, Beltranek salatzen duenez, «bi aldeen artean nazioarteko legedi humanitarioa eta giza eskubideak errespetatzea adostuta dago, baina hori ez da betetzen, batez ere Gobernuaren aldetik». Giza eskubideen gaineko akordioaz gain, behatzaile batzorde bat izatea ere adostu dute aldeek; hala, La Cordillerako eskubide zibilen aliantzak bertara eramaten ditu egindako txosten eta dosierrak. Txosten horiek argi uzten dute Gobernuaren politika orokorra «desagertzetan, hilketa estrajudizialetan eta heriotza zigorrean» oinarritzen dela. Politika errepresibo horren biktima gehienak, gainera, «lege barruan aritzen diren talde eta erakunde sozialetako kideak dira». Mugimendu sozialen kriminalizazioa -«terrorista» gisa definitzen dituzte- «erasoak legitimatzeko modua da».

Euskal Herrira bisita

Danilo Borjal eta Audrey Beltran hainbat egunez izan dira Euskal Herrian. Bisitaren arrazoiengatik galdetzean, «ikastera» etorri direla diote, «Euskal Herriko egoera, arazoak eta helburuak ezagutzera».

Euskal Herriko eta Filipinetako gatazkek badute antzekotasunik: errepresioa, erakundeen kriminalizazioa, negoziatzeko oztopoak... Borjalek, gainera, filipinar herria ere «300 urte baino gehiagoz Estatu espainiarraren kolonia» izan zela gogoratu du. «Zuen herria oraindik ere espainiarren kolonia da», gaineratu du.

NDFPko kideak Euskal Herrian irekitako aro berrian ezker abertzaleak eginiko estrategia aldaketa aztertu du, «helburu politikoak prozesu demokratikoaren bitartez lortzeko hautuari» babesa adieraziz. «Nazioarteko komunitateak euskaldunek beraien etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea onartu eta babestu beharko luke», gaineratu du. Horrez gain, alderdi politiko ezberdinen arteko eztabaidak, elkarrizketak eta agenda komun bat osatzearen saiakera ere azpimarratu nahi izan dituzte bi filipinarrek: «Guk ere langileekin, nekazariekin... kontsultak egiten ditugu. Herriaren babesa lortzea oso garrantzitsua da».

Bisitak iraun duen egun apurretan asko ikasi dutela diote, besteak beste, nekazarien borrokaren eta langile mugimenduaren inguruan. Filipinetan biztanleriaren %75 aritzen da nekazaritza munduan, %15 industrian eta gainontzekoak garraioan edo zerbitzuetan aritzen diren langileak dira. «Filipinetako ekonomia ez dago oso garatuta, kapitalismoa ere ez, hiri batzuetan salbu. Landa eremuak, gainera, oso atzeratuta daude eta migrazioa ere handia da. Horregatik ari gara borrokan, egoera hori aldatzeko», azaldu dute.

Euskal Herrian igarotako egunen ondoren irakaspen ugari daramatzatela diote. Baina, bereziki ideia bat azpimarratu nahi izan dute, herrien arteko lankidetzarena. «Filipinar herriaren eta Euskal Herriaren arteko lankidetza landu nahi genuke; langile antolakundeak, emakume antolakundeak, gazte antolakundeak ezagutzea izan da gure asmo nagusia bisita honetan, herrien arteko lotura indartzeko», amaitu dute.

 

eskubideak

«Herrien eta herritarren eskubideak daude negoziaketen bihotzean»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo