GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

JOSU TXAPARTEGI | Zarautz

Oteitza eta gaurko krisia

Badira hilabete batzuk Jorge Oteitzarekin topo egiten dudala. Krisitik irteteko formulak entzuten ditudan bakoitzean gertatzen zait.

1950. urtean, Jorge murgilduta zebilen ikerketa serio batean. Zilindroari mila buelta emanak zizkion, zanpatuz, zulatuz, mehetuz, arinduz, goratuz, etzana- raziz... Konturatuta zegoen bolumen-masan jaiotzen ziren konkabotasunek eta espazioek zerbait ezkutatzen dutela; ikusten zuen eskulturak, mehetzen eta irekitzen zihoan heinean, indarra irabazten duela.

Hiperboloidearekin topo egin zuen azkenean. Sagar txorten batez irudika daitekeen figurak argi eta garbi erakusten zion inguruaren eragina masa fisikoan; eskultura kanpotik hitz egiten hasi zitzaion; bolumena, bitartean, xume, arin eta irekia bihurtu zen. Orduan ikasi zuen Oteitzak gauza baten soluzioa, gauza horren beraren kanpo dagoela.

Zer da, ordea, eskulturak jasotzen duen kanpoaldeko indar hori? Zergatik zulatu zituen Jorgek Arantzazuko apostoluak edo eskutan harrapatzen zuen guztia, ez bazen hutsune horiek energiaz beteta ikusten zituelako?

Horrela jarraitu zuen bere ikerketa, harik eta, azkenean, eskuetan bi pareta hutsekin gelditu zen arte. Orduan lasaitu zen: soluzioa ez zen masa gehitzen jarraitzea, bolumena metatzea-handitzea. Soluzioa zen espresioa apaldu eta inguruari leku egitea. Espazio harkor horien eraikuntza gure esku dagoela deskubritu zuen; guk daukagu energia (espiritual-etikoa) handituko duten egiturak sortzeko gaitasuna.

Oteitzaren ondorio horiek eramaten naute, egungo munduari, begirada berri batekin so egitera.

Krisitik ateratzeko, gure arteko batzuek haztea eskatzen dute, beste batzuek urritzea. Biek arrazoi sorta handi bat dute beren alde. Baina nola egin dezakegu hazi eta urritu aldi berean? Oteitzak ederki askatu zuen dilema. Argi eta garbi erakutsi zigun irtenbidea: hazi eta urritu, biak dira egin beharrekoak.

Kontua da ongi jakitea zer den haztea komeni zaiguna, eta zer urritzea, ahitzea. Aukera gaizki egiten badugu, hondamendiak bata bestearen atzetik etorriko dira. Horietako baten hasieran gaude orain. Oteizak argi eta garbi azaldu zigun bere ikerketaren ondorioa: giza ildoak dira hazi beharrekoak (gogoeta estetikoa aipatzen zuen Jorgek, etika sozialerako sentsibilitate berezi bat). Baina hori lortzeko, gaur egungo hazkunde material(ista) zakar hori mehetu egin behar dugu, halabeharrez.

Iruditzen zait jende asko dagoela munduan, Oteitzaren ondorio horrekin bat egiten duena. Hura gai izan zen artegintzatik gaurko munduaren gaitz askoren jatorria formulatzeko. Hori eskertzen diot.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo