GARA > Idatzia > Kultura

ELKARRIZKETA | Juan Luis landa «1512. Nafarroa, in memoriam» atera du euskaraz

«Frantzisko Xabierkoari justizia egiteko aukera aurkitu dut»

Noren eta Frantzisko Xabierkoaren azalean sartu da Juan Luis Landa bere lehen nobelan. Azaldu duenez, gizon euskaldun haren benetako bizitza «Eliza Katolikoaren errezelaren atzean estalita» dago eta «justizia egiteko» aukera da liburua. Jatorrizko lana abenduan kaleratu zuen gaztelaniaz eta edizioa hilabetean bukatu zen. Orain, berrargitalpena eta euskarazko itzulpena plazaratu ditu Ereinekin.

p040_f01.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

«1512. Nafarroa, in memoriam» Juan Luis Landak idatzi eta ilustratu duen lehendabiziko eleberria ireki, eta mapa handi batzuk ageri dira, Nafarroako Erreinuak zein lurralde hartzen zituen azaltzen dutenak. Jarraian, orrialde bat eta bi ere betetzen dituzten marrazki ederrak, errenteriarrak «garuna lehortu arte» landu dituen ilustrazioak. «Agur Amaia. Azkeneko aldiz ikusten zaitut. Nire oroimenean gorderik eramango dut zure begiradaren argia, susmoa baitut ez dudala berriro ikusiko, gure lur hau, gure gizon eta emakumeek hain aspalditik ohoratu duten pasio handiko lur hau ikusiko ez dudan bezala». Halaxe hasten da istorioa, eta hari horretatik tiraka orain dela 500 urte gertatutako konkista lazgarriaren benetako protagonistak azaltzen dira, euren grina eta sentimenduak.

Lau urtez aritu zara liburu honekin lanean, esfortzu berezia egin duzu. «Arima utzi dut bertan» adierazi izan duzu. Nola sentitu zara amaitzean?

Lasaitasun itzela sentitu dut. Lau urte hauetan erronka handia jarri diot neure buruari. Lan txukuna egin nahi nuen gaiak merezi zuelako.

Zein asmorekin egin duzu?

Euskaldun bezala orain dela 500 urte Nafarroan gertatu zena bihotzminez bizi dut. Euskal herritarrek gertaera horien jabe izan behar dutela pentsatu nuen, historia maite dutenek eta baita iraganean barneratzea maite ez dutenek ere. Horregatik, testuaz gain ilustrazioen bidez mezua errazago iritsiko zela pentsatu nuen.

Betidanik izan duzu Nafarroako Erreinuarekin zerikusia duten istorioak jakiteko grina; zerk erakartzen zaitu? Zerk pizten du zure interesa?

Euskal Herrian beti ibili izan gara burujabetzarekin gora eta behera. Gure historia ikertzen duena berehala ohartzen da egoera hori ez zela amets bat izan, 824. urtean Erreinu baten forman egia izan zen, erro euskaldunaz eraikia bere erregeak bezala, Espainiako monarkak duela 500 urte ilegalki zapuztu arte. Nafarroa gure erro politikoan dago. Gipuzkoarra naiz eta horrexegatik nafarra. 

Nafarroako konkistako gertaerak hagitz ongi idatzita gelditu direla azaldu izan duzu, baina jende gutxik ezagutzen dituela. Ezagutarazten lagundu nahi izan duzu?

Hori izango da nire ametsa. Liburua eleberri bat da baina bere ardatzean konkistako gertaera guztiak idatzita daude, alde humanoa ere agerian utziz. Pasarte harrigarriak daude, batzuetan hunkigarriak, datu bitxiak, irakurlea epel uzten ez duten horietakoak. Gure historia da eta jendeak ezagutu beharko luke.

Zergatik aukeratu duzu eleberri bat idaztea, ilustrazioz betetako eleberri bat, orrialde osoko edo baita bi orrialdeko irudiekin ere? Irudi batek mila hitzek baino gehiago erraten dutelako? 

Gai honetaz datu historikoak ugari daude, guztiak erakargarriak. Nik beste ikuspuntu batetik azaldu nahi nituen. Benetako protagonistak hartuz, giza grinak azaleratu nahi nituen konkistako gertaerekin lotuz. Ilustrazioak oso iradokitzaileak dira, liburuan alde garrantzitsu bat betetzen dute. Gainera, informazioa emateaz gain testua arintzeko oso lagungarriak dira. 

Nolatan sartu zara Frantzisko Xabierkoaren azalean? Nolakoa izan da bere azaletik idaztea? Bere santutasunaren gortina jaso eta bere benetako bizitza islatu nahi izan duzu?

Frantzisko Xabierkoa jesuita izan baino lehen haur bat izan zen, zuzenean konkista bizi izan zuena. Konkistatzaileek zorigaitza ekarri zioten, miseria, atsekabea eta apalkuntzarik gordinena, bere familia Nafarroako askatasunarengatik sutsu borrokatzeagatik. Erreinu zaharraren gaztelu guztiak bezala, konkistatzaileek Xabierkoa ere lehertu egin zuten bere begien aurrean. Benetako Frantzisko Xabierkoak sumindura eraman zuen bere bizitza osoan. Gizon euskaldun haren benetako bizitza estalita dago Eliza Katolikoaren errezelaren atzean, bere familia eta gaztelu mitikoa bezala. Han, Xabierren, badago historia handi bat benetan kontatzea merezi duena. Liburu honetan aukera aurkitu nuen berari eta bere familiari justizia egiteko.

Marrazkiek izugarrizko lana eskatu dizute, xehetasun guztiekin egin baitituzu. Batzuekin hilabete ere eman duzu buru-belarri. Baina gidoia egitea ere ez zen makala izanen.

Bai, niretzako erronka ederra izan da liburu hau idaztea, baina bihotzak zerbait kontatzea nahi duenean ez dago gelditzerik. Testua konplexua zen zaila zelako fikzioa gertaera historikoekin tartekatzea, baina oso gustura geratu naiz emaitzarekin. Ilustrazioekin inoiz baino zorrotzagoa izan naiz neure buruarekin. Garuna lehortu arte landu ditudala esan dezaket, baina bizirik atera naiz abentura honetatik.

Gerra da eleberriaren ardatza, bidegabekeria baten kontakizuna. Zer sentipen edo gogoeta eragiten dizkizu konkista honek? Erran izan duzu konkistak ez duela inor ez hotz ez bero uzten, zerbait mugiarazten duela barruan. Amorru pixka batekin idatzi duzu?

Nafarren artean guda zibil batekin piztu zen dena, baina errege katolikoak, Aragoiko Fernandok, ederki jakin zuen gure liskarraldiei etekina ateratzen. Ardiz mozorrotuta, otsoak tragedia ekarri zuen Nafarroara bere lurraldeaz jabetuz eta Gaztelako Erreinuaren barruan sartuz. Gertaera mingarri horiek ezagutzen dituenari oraindik sentimenduak harrotzen zaizkio.

Iraganeko gertaerak azaldu dituzu, baina gaur egungoekin lotura zuzena dute.

Noski baietz. Euskal Herriko historia aztertzen baduzu, itxura desberdinekin baina beti eraman dugu arrastaka gure eskubide historikoen arazoa. Belaunaldiz belaunaldi errepikatzen den zauri itxi gabea da.

Idatzi eta marraztu egin duzu. Komikietan egin izan duzu lan bikoitz hau aurretik, baina formatu honetan ez. Jauzi garrantzitsua izan da zuretzat, ezta?

Bai, nire lehenengo eleberria izan da, eta dimentsio handikoa, baina gustura geratu naiz emaitzarekin. Gainera, jendeak oso ondo hartu du. 

Zerbait erantsi nahi duzu?

Ba, aukera emanda, Erein argitaletxeari zor diot liburu honen bizitza, apustu handia egin duelako. Gaur egun ez da erraza horrelako liburu bat merkatuan jartzea eta autoreek, ez bakarrik hemen, mundu osoan behar dute argitaletxeen konfiantza existitzeko.

Ze beste lan duzu esku artean? Edo zein asmo?

Ideia berriak baditut, burua beti martxan dago, hori ezin dut gelditu. Arazoa da mamitzeko denboraren beharra, urte hauetan beste konpromiso batzuk baztertuta utzi ditudalako eta orain aurre egin behar diedalako. Baina sortzeko gogoa ez da inoiz itzaliko.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo