GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

SARAKO IDAZLEEN BILTZARRA

Gandiagaren «Hemen» poesia kantatuz eskertu du Berzaitzek saria

Pier Paul Berzaitz kantari zuberotarrak eta Jakintza elkarteak eskuratu zuten atzo Sarako Idazleen Biltzarreko saria. Abeslariak saria jasotzerakoan, esker onez, bertaratutako guztiei kantuz eskaini zien Bitoriano Gandiagaren «Hemen» poesia. Sarako kiroldegia, goizetik, jendez gainezka agertu zen. Han ziren literaturzaleek, idazleekin hitz egin eta liburuak izenpetzeko eskatzeko aukera izan zuten.

p008_f01.jpg

Ainize BUTRON | SARA

Euskal literaturarekin hitzordua emana zen atzo Saran. Kiroldegia, goizetik, jendez gainezka agertu zen, aurtengo XXIX. edizioa arrakastatsua izanen zela agerian jarriz. Biltzarrak hamarretan zabaldu zizkion ateak publikoari.

Aurtengo Biltzarreko sari banaketa izan zen goizeko ekitaldirik garrantzitsuena. Eguerdian egin zuten eta Pier Paul Berzaitz kantari zuberotarra eta Ziburuko Jakintza elkarteko lehendakari Guy Lalannes igo ziren oholtzara XXIX. Sarako Idazleen Biltzarraren saria hartzera.

Berzaitzen abesti ospetsueneko irudia hartu zuen Daniel Landart idazleak aurtengo saridunaren aurkezpena egiterakoan, «euskal kulturaren baratzezain» batekin konparatuz. Guk taldearekin hasirik, ondotik, «baratzea bereber landatu» zuela gogorarazi zuen Landartek, bakarka diskoak kaleratzeaz gain, pastoralak eta komedia musikalak ere idatzi zituela nabarmenduz. Pier Paul Berzaitzek, bere aldetik, Bitoriano Gandiagaren «Hemen» poesia kantatu zuen sari eskaintza eskertzeko eta euskarari dion atxikimendua adierazteko.

«Gandiagak bazuen hitz txikiz gauza handiak adierazteko ahalmen bat», nabarmendu zuen kantariak. Atzo jasotako saria eskuratzeak «halako herabetasun bat» sortzen ziola onartu bazuen ere, «fiertate piska bat» eragin ziola ere aitortu zuen kantariak. Artista bezala, bai pastoralekin eta bai sortutako ikusgarriekin jende askorekin lan egin izan duela gogoratu zuen Berzaitzek, eta saria horientzako ere badela erran zuen. Bestalde, Jakintza elkartea ondare arloan ari da lanean. «Jakintza» izeneko aldizkaria kaleratzeaz gain, Ipar Euskal Herriko herrien monografikoak eta ondareari buruzko liburuxkak kaleratzen ditu elkarteak. Guy Lalannes pozik agertu zen eskuraturiko sariarekin, eta elkarteak hamalau urteotan egindako lanaren ondorio dela nabarmendu zuen.

Aniztasuna

Ateak zabaldu, eta literaturzaleak etengabe hurbiltzen aritu ziren kiroldegira, aurtengo literatur berrikuntzak ikusteaz gain, mahaietan jarririk zeuden idazleekin tarte batez hitz egin ahal izateko.

Ez zieten, izan ere, azken horiei atsedena hartzeko astirik eman. Batekin aritu eta berehala bigarren lagun bat hurbiltzen zen mahaira, liburua izenpetzeko eskatuz edo argitaratutako liburuaz eztabaidatu nahian. Maiatz argitaletxearekin «Inifife» liburua kaleratu berri duen Peio Jorajuria harriturik zegoen bildutako arrakastaz. «Ez da gelditzen». Ordubetez hamabost bat ale saldu zituela nabarmendu zuen.

Antton Curutcharryk Elkar argitaletxearekin historia liburua kaleratu berri du frantsesez, Nafarroako konkistari buruzkoa, eta bera ere harriturik agertu zen bertan bildua zen jendetza ikustearekin. Lehen aldiz zen Idazleen Biltzarrean, eta horrelako ekimenak «kultura bizirik mantentzeko» ezinbestekoak direla goraipatu zuen. «Interesgarria da idazleen eta herritarren artean topatzeko aukera ematen baitu». Jean Pierre Massias «Faire la paix en Pays Basque» liburuaren idazlea bat etorri zen Anttonen erranekin, eta bai idazle eta bai irakurle bezala, Biltzarra leku garrantzitsu bat dela nabarmendu zuen. Ildo horretatik, han aurkeztuak ziren liburuetan gaien aniztasuna goraipatu zuen. Claude Labat «Libre parcours dans la littérature basque» entsegu liburuarekin, Maite Lafourcade «La société basque traditionnelle» lanarekin, edo berriki «Jaun Martin» liburuari esker Gazteluma saria irabazi duen Peio Jorajuria Otalazt idazleak parte hartu zuten, besteak beste, Sarako Idazleen Biltzarrean. Euskal kulturaren arloko lagun ugari ere bertaratu ziren: Jean Haritschelhar, Mixel Oronoz, Jean Bordaxar, Beñat Achiary eta Battittu Coyos, besteak beste.

Liburu aurkezpen ugari

Liburu aurkezpenak ugariak izan ziren atzo Idazleen Biltzarrean. Goizeko aurkezpenak Euskaltzaindiak zabaldu zituen, lau liburu berri azalduz: Junes Casenave-Harigileren «Xiberoko antzertia edo Pastorala», Xarles Videgain euskaltzainaren «Eugène Goyeneche: Onomastique du nord du Pays Basque (XIéme-XVéme siècle)» eta, Erramun Bachoc eta Battittu Coyosek landuriko «Gazteak, aisialdia eta euskara Ipar Euskal Herrian». Peio Jorajuria Otalazt aurtengo Gazteluma sariaren irabazleak jarraitu zuen, «Jaun Martin» liburuaren aurkezpena eginez.

Hala eta guztiz ere, arratsaldean izan ziren aurkezpen gehienak. Hirurak inguruan, Biltzarrerako kaleratu diren berrikuntza gehienak bertan bilduak ziren literaturzaleen aitzinean aurkeztu zituzten idazleek. Hamar bat idazlek egin zuten aurkezpena; hala nola: Daniel Landartek «Ahularen indarra» azaldu zuen, Maritxu Lopepek, berriz, «Biharko lurraren hazia», Rosa Arburuak «Gau lana. Kontrabandoa Bidasoa aldean», edo Thierry Truffautek «Vers un inventaire des traditions carnavalesques et hivernales de la province du Labourd» besteak beste. Bestalde, Eusko Ikaskuntzak urteko bekadunen berri eman zuen.

A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo