GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Puntu premia handia dutela jokatuko dute derbia Avironek eta Biarritzek

J.L.

Azken urteetako derbirik bereziena biziko dute gaur Baionako Jean Dauguer estadioan (16.15). Biek mailan jarraitzea dute jokoan gaurko neurketan, nahiz eta bi taldeen egoera ez den berdina.

Aviron da, dudarik gabe, bietan okerren dagoena. Baionarrak sailkapeneko azken-aurreko postuan daude, 34 punturekin, beraz, salbazioa zazpi puntura daukate.

Biarritz, berriz, bederatzigarren postuan dago, 42 punturekin, jaitsierako postuetatik kanpo, baina deskuidu batekin, berriro ere hortxe sartuko litzateke talde zuri-gorria.

Partida honek ondorio bat baino gehiago utziko du, baina Biarritzek irabazten badu, oso larria utziko du Lapurdiko hiriburukoentzat. Gaur galduta, matematikoki ez bada ere, Avironek ia bi hankak Pro 2 Mailan izango lituzke. Irabazita ere, jaitsierako postutik ihes egiterik ez luke lortuko, baina geratzen diren beste hiru partidetan borrokan jarraitzeko moduan geratuko litzateke.

Talde zuri-gorriak irabaziko balu, agur esango lioke arazoari eta sailkapeneko erdialdean kokatuko litzateke. Galtzen badu, berriz, borrokan jarraitu beharko luke, berriro zuloan ez sartzeko, nahiz eta Avironek baino askoz hobeto egoten jarraituko lukeen.

Derbiak berez izaten dira bereziak, bi taldeen artean beti egoten delako Lapurdiko talderik onena zein den erakusteko gogooa, eta jokoan ezer ez dutenean ere, ohoreak garrantzi handia hartzen du. Gaurkoan, ordea, bientzat puntuak dira beharrezkoak. Bi taldeek beste helburu batzuetarako osatu zituzten plantillak, baina lanak gaizki egin dituzte, eta orain hori guztia konpondu beharra daukate.

Giroa, beti bezala, aparta izango da. Jean Dauguer gainezka egongo da, eta zuri-urdinek babes hori behar dute. Ez da ahaztu behar, gainera, joaneko partida oso beroa izan zela eta gertatu behar ez ziren gauzak gertatu zirela Agileran.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo