Lapurdiko uraren kalitatea hobetzeko hiru urterako kontratua sinatu dute
Hego Lapurdiko Herri Elkargoak, Kontseilu Nagusiak, Akitania eskualdeak eta Aturri-Garona Ur Agentziak Hego Lapurdiko arroaren gaineko kontratua sinatu zuten atzo. Uraren kalitatea hobetzeko 110 ekintza biltzen ditu hitzarmenak eta 34 milioi euroko aurrekontua du.
Idoia ERASO |
Itsasertzeko, ibai eta erreketako uraren kalitatea hobetzeko politikaren baitan kokatzen da atzo Urruñan sinatu Hego Lapurdi Arroa Kontratua. Hitzarmenak uraren kalitatea hobetzea du xede. Horretarako, kalitate bakteriologiko eta kutsadura barreiatuaren kontrola baliatuko dute.
Kontratua izenpetzeko ekitaldian, Aturri-Garona agentziako zuzendari Jean-Jacques Barreau, Kontseilu Nagusiko presidente Georges Labazee, Hego Lapurdiko Herri Elkargoko presidente Michel Hiriart eta Akitania eskualdeko Sylviane Alaux izan ziren.
Itun honen bitartez finantzatuko diren ekintzen artean mota guztietako lanak eginen dira. Saneamendu sarea berritzea, ur zikinen araztegiak berritu edo eraikitzea eta ibai bazterretan landareak ezartzea izango dira abiatuko dituzten lanetako batzuk. Halaber, horrekin batera kutsaduraren jatorria zehazteko ikerketak eta biztanleria kontzientziatzeko kanpainak ere eginen dituzte.
Bidasoa, Mentaberri, Untxin, Urdazuri, Basarun eta Baldareta ibaietan egin azterketen ondotik egituratu dute hiru urterako kanpaina.
Kontratu honen bitartez Herri Elkargoak helburu ekonomikoekin batera osasun eta ingurumen beharrei erantzun nahi diela nabarmendu zuen Michel Hiriart presidenteak: «Inportantea da uraren kalitatea ona izatea turistak hor direlarik, gure ekonomiaren parte inportantea baita».
Hiri elkargoa
Erakunde guztietako ordezkariak kontratuaren izenpetze saiora hurbildu zirela baliatuta, Hego Lapurdiko Herri Elkargoko presidente Michel Hiriartek erakundeak izango duen berrikuntza baten berri eman zuen. 2013aren hastapenean herri elkargoa hiri elkargo izatera pasako dela aipatu zuen. Berria baieztatu ez bazuen ere, elkargoaren baitan den Hendaiak 15.000 biztanleren muga zeharkatu duela baliatuta, elkargoaren estatusa aldatuko dutela adierazi zuen.
Izendapen aldaketa horrek bereziki garraio publikoaren eskumenaren kontrola ekarriko lioke elkargoari, herri elkargoak aspalditik eskuratu nahi duena.
Saneamendu sarearen berritzea, ur zikinen araztegiak berritu edo eraikitzea eta ibai bazterretan landareak ezartzeaz gain, kutsaduraren jatorria aztertu eta kontzientziazio kanpainak abiatu nahi dituzte hiru urteko epean.