POESIA
Hamalaugarren misterioa
Ainara MAIA
Bai segur gara poesia, bizia bezala, etengabeko iraultza bat dela. Horrela aurkeztu zuen Auxtin Zamorak hamaulagarrenez prestatutako Hatsaren Poesia anitz hau, gure eskuetan brist-braust desagertu zaigun amets bat, eta ttapatta-ttiuttaka zuregana airatuko den haize leun bat txistuka ene bihotzetik. Poesia ez baita saltzen, poesia musu-truk banatu behar delako.
Hatsa Elkarteak zoriondu egin du Maiatz Elkartea, bere 30 urteengatik, eta horra misterioa: maitasuna. Maitasunak egiten du bihotza, eta bihotzetik jalgi zaizkigu norberaren hatsaren bidez hemen dagoen olerki bakoitza; olerkariok ez dakigu zer den poesia, baina gertatzen zaigu, hori da poeta izatea, eutsi gabe etsitzea.
«Hitzpilu» hauetan islatu naiz, eta amildegirako gonbita jaso badut ere, grapa pare bat josi ditut begietan malkoei eusteko. Emakume honek badaki zauria ez dela itxiko, eta love me, maita nazazu, arren, irakurle, eta nirekin haserre zauden lagun horrek, barka maitasunezko hitzak eta segi dezagun aitzina. Love me eta egizu irudimenez esfortzu hau, txirrinda ez duzula ikusten, baina txirrindularia bai. Orduan historiaurreko animaliaren bat ikusiko duzu, ezin bilakatu dena homo erectus.
Eguzki-muxuak jaso ditut orrialde hauetan, Ekik argiztatu dit gaur bisaia, eta niri irribarre bat marraztu dit, bere hatz-errainuen bitartez goxotasunez. Ekik argitu dit ene gogo iluna eta alaitu une batez ene bihotz zauritu eta bakartia. Hegazti iragailea naiz, noraezean, ez dakit zer egin ene bizitzarekin hitzpilu poetiko hauekin, baina zu ere, bihar, urruti izango zara. Aitzinerako urrats batek amets bat du oinarri, eta abiapuntuan bakun izateari utzi diot anizkun bilakatzeko, amaieran aniztasunak ulertzen baitu bere jatorrizko batasuna.
Ele hauetan laburbildu ditut nekez hitzpilu hauek, lagunendako, atzera begiratzea ez dadila izan minbera, eta lagunak barkaberak izan daitezen. Hatsaren Poesiaren hamalaugarren misterioa 13. hilabetean datza, maitasunarena. Edozer gerta ere beti egongo naiz zure ondoan «kukuxumuxuak» matxinsaltoen gisa emateko, behin pinpilinpauxa-muxuekin maitatu zintudalako. Ai, ene maitea, amets egin dut esnatzean zu neure ondoan zinela!
Maite zaituztet, poetok, bide bazterrean bakarrik eta inor gabe dagoen orbel hori. «Bai, nahi det!» esan nahi nioke ene maiteari, eta ez dut gehiago negarrik egingo, hura ikusteko itxaropena dudalako. Beharbada, ez du nire muxurik nahi, eta errespetatuko dut bere nahia. Hatsaren Poesia honen bidez amodioaren hatsa hartu dut, baina hain sinplea bada bizitza, hartu eta ematea, zergatik dut nahaspilatua orain tripa? Horra hor zen den maitasuna, hitz korapilo bat, hitzpilua.
Ez galdetu nolakoa naizen, nire barrua da iluna, muxu eman nahi eta ezin, garraztu egiten zait eztia, eta oinetan ditut orainak, baina plazer guztiek egiten dute min, zauria zabalik dagoelako. Bihotza itxi didazulako, ene laztana, maite zaitut, hori da egia, baina nabari da hitzpilu hauetan galdu naizela eta onena izango da zu ere, irakurle, hitz hauetan murgiltzea. Maitasuna topatuko duzu ttanttaka, edo agian utopiaren hatsa. Xorino hau kantari eta dantzari badoa jada zugana txistuka, zu pinpilinpauxa-muxuekin maitatzera. Bakea aurki dezadan zure besoetan. Zunirekin beti izango baitzaitutnauzu, txistuka, xorino.
Zure irri-karkaila batek sendatuko nau, hartu trena eta txistuka etorri nigana! Zure zain nago moraviarren plazan, udaberrian, udaberriko loratzeak nire bihotza ukitzen baitu, onerako eta txarrerako. Inork ez luke maitemindu eta ezkondu behar, eta agur, banoa, berriz itzultzeko!
Entzun, inoiz zu tristurak bahitzen bazaitu, poesiaren itxaropena lagun joango zaizu. Zure adiskidetasuna niri kemena ematen didana da. Bihotza blai daukat, eta maite zaitut. Entzun, bizitza gogorra da, baina irribarrea beti ezpainetan. Besarka nazazu, esadazu: egun on, maite zaitut, ich liebe Ain.