Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria
Heriotza Albanian (eta IV)
Gjorgen bizitzari halako ukitu tragikoa dario, nobela hasieratik baitaki zerbait ezohikoa gertatu beharko litzatekeela bizirik jarrai dezan. Egia da une batez bere patuari (eta, horren eraginez, nobelaren beraren amaierari) bestelako norabidea ematearen aukera izan dezakeela pentsatzera iristen dela. Une hori, hain zuzen, bere begirada hiriko irakaslearen emaztearekin gurutzatzen denekoa da, lurraldeko jaunaren jauregian odol zergara ordaindu ostean. Emakumearen begirada tristean, bere egoera zein den ondo dakien batek zuzenduko liokeen begirada horretan, Gjorgek bere bizitzaren hutsaltasunaren definizioa aurkitzen du eta nonbait haren kontra altxatzeko nahia eta beharra sentitzen du. Aitaren aholkuei entzungor, Kanunak ezarritako azken hogeita hamar eguneko bake aldian etxean igaro bitartean emakumearen bila abiatzen da Gjorg. Hura aurkitu ezkero, herritik alde egin eta bestelako bizimoduari ekiteko gai izango dela pentsatzen du. Paradoxikoki, Gjorgek jakin badaki ez litzatekeela hain zaila izango hirira joan eta bere aizkora zein indarra haien truke ordaintzeko prest daudenen zerbitzura jartzea. Hainbat dira Kanunarekin ez ados aukera horren alde egin dutenak. Hala ere, nahiago du bere etorkizuna patuaren menpe utzi. Baina Kanuna nagusi den lurraldean, patu bakarra dago: heriotza. Nobela ixten duen pasartean, hildakoaren anaietako batek Gjorg hiltzen du, baina azken horrek ez daki benetan hiltzen ari den ala ez. Ezen bere gorputza lurrera erortzen ari dela, Gjorgek ez daki bera ote den hiltzen ari dena ala duela aste batzuk hil zuen gizonaren larruan sartu ote den.