Herritarren zerbitzuko polizia eredu baten beharra
Lakuako Barne sailburu Rodolfo Aresek ostegunean Gasteizko Legebiltzarrean eman zituen azalpenek bere alderdia eta PP baino ez zuten bete. Atzo, ezker abertzale, EA, Aralar eta Alternatibak haren agerraldia «ihesaldi politikorako ariketa» izan zela esan zuten; izan ere, Barne sailburuak erantzukizun politikoa bere gain hartu bazuen ere, aitorpen hori ez da ezertan ere gauzatu. Hala, Parlamentuko agerraldiak eragile politiko, sindikal eta sozial ugariren haserrea piztu zuen. Onartezina baita eskatutako informazioa ematea saihestu izana, onartezina lekukoei gezurra esatea egotzi izana eta onartezina Ertzaintzaren esku-hartzea zuritzen ahalegindu izana. Horregatik, ezkerreko indar politiko subiranistek uste dute Aresek dimisioa eman behar zuela. ELAk ere sailburuaren dimisioa eskatu zuen atzo, sindikatu horrek dioenez, sailburuak erantzukizuna bere gain hartzea ezin baitu turko-buruak bilatzera bideratu. Halaber, Barne Sailak garatu duen polizia eredua gaitzetsi zuen, Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen esku-hartzea eta gisakoak ahalbidetzen baititu. Eta horixe da, hain zuzen, Indautxuko gertakari deitoragarrien ostean heldu beharreko eztabaida, Aresek eta bere alderdiak, eta beste batzuek, heldu nahi ez diotena.
Herri honetako herritar gehienen haserrea ere nabarmena da, atzo arratsean Basaurin nagusitu zen isiltasuna bezain nabarmen eta ozena.