Familia behardunen gorakadari aurre egiteko, saltegi soziala ireki dute Maulen
A.B. | MAULE
Zuberoan familia behardunen beharrak gero eta handiagoak direla-eta, saltegi soziala ireki berri dute Maulen. Gurutze Gorria, Resto du Coeur edota Caritas elkarteak biltzen dituen janari banaketarako Zuberoako kolektiboak bultzatu du proiektua. «Janari beharra duten familiak gero eta gehiago dira Zuberoan, eta janari bankuarekin soilik ez genuen behar horiei erantzutea lortzen», gehitu zuen Aurore Laurency saltzaileak. Ateak zabaldu bezain laster lekuko hirurogei familiak, hots 194 lagunek, eman dute izena bertan erosteko. «Ez du edozeinek erosten ahal. Baldintza batzuk bete behar dituzte», argitu zuen. Saltegi sozial horien ibilmolde berezia zehazterakoan, denda arruntetan aurkitzen diren elikagaien prezioei begira %10 apalagoak dituztela argitu zuen. Aurrekontua kudeatzen ikasteko tailerrak ere eskainiko dituzte.