GARA > Idatzia > Kultura

haur literatura

Gaixotasunaz eta heriotzaz

p048_f01_58x100.jpg

Xabier ETXANIZ ERLE

Duela hilabete batzuk Txabi Arnal irakasleak aurkezturiko doktorego tesian Haur Literaturan heriotza tabu izateari uzten ari zaiola zioen; oraindik ere asko dagoela arlo horretan egiteko eta gaia ukitzen zuten liburu guztiek ez dutela maila bera bai literatura aldetik bai gaiaren planteamenduaren aldetik ere.

Karlos Santisteban eta Leire Iparragirrek aurkezten diguten liburu hau Arnalek aipatzen zuen bide horretan kokatzen da, tabua hausten ari diren liburu horien artean. “Karramarro bat buruan” June neskatoaren ikuspuntutik eginiko narrazioa dugu, eta karramarroak beti presente baldin badaude ere, kontakizunak baditu bi zati nahiko ezberdin. Lehena, karramarroei buruzkoa dena, Juneren gogoetez osaturik dago. «Niri beti gustatu izan zaizkit karramarroak» esaldiarekin hasten da, eta ondoren animalia horien ezaugarriak eta neskatoari sortarazten dizkioten gogoeta eta pentsamenduak ageri dira: «Xelebreak dira benetan!»; bai eta neskatoak karramarroekin izaniko enkontruak ere: «Behin, errekatxo batean nintzen gurasoekin (…) Halako batean karramarro bat ikusi nuen (…) harri batzuen artean ezkutatu zen. Eskua sartu nuen eta: kosk egin zidan! Ai!».
Istorioaren hasiera honek, nire ustez, ez du irakurlea harrapatzen, kontakizun sinplea da, gauza handirik ez dioena. Baina, hain zuzen, hasiera hori da kontakizunaren bigarren zatiari bide ematen diona: «Egun batean gurasoek Jon oso larri zegoela esan zidaten. ‘Zergatik dago txarto?’ galdetu nuen. ‘Buruan karramarro bat sartu zaiolako’ erantzun zidaten. Harrituta geratu nintzen. ‘Karramarroa buruan?’».

Eta irakurle helduak aurreikus dezakeen bezala, hasierako karramarroen istorioek eta Jonek buruan duenak bide ematen dute minbizia hitza aipatu gabe gaixotasun horri buruz hitz egiteko. Gaixotasunaz eta haren ondorioz sorturiko heriotzaz ere.

Santistebanek eta Iparragirrek –testuarekin eta irudiekin– gertakari hori modu arinean aurkezten digute, tabuaren zama kendu nahian bezala, eta horrela June neskatoaren eta Jon gaixoaren arteko elkarrizketa dugu: «‘Minik egiten dizu karramarroak?’, galdetu nuen. ‘Ez, kili-kili besterik ez. Oso jostaria da gero!’, erantzun zuen Jonek. ‘Orduan karramarroa ez da txarra, ezta?’, nik berriro. ‘Ez! Nik gaixotasun txar bat daukat, baina animaliak onak dira denak’, azaldu zidan», eta elkarrizketa horrek, eta istorioaren kontakizun guztiak islatzen duten tonu lasai, goxoa, suabea… ikus dezakegu Leire Iparragirreren irudietan ere. Jonen heriotza jazotzean, esate baterako, («Negar asko egin nuen. Negar, negar eta negar») June txiki, behera begira, zeruan eta lurrean ura, karramarro bat besarkatuz ageri zaigularik. Eta Junek hildako lagunagatik sentitzen duen penaren ondoren, bada bizitzan aurrera egiteko deia, Jonen buru barnean ur asko irudikatzen baitu Junek, ur asko eta «uretan karramarro bat, igerian, jolasean!». Eta horrela, jolasaren alaitasunarekin eta bizipozarekin amaitzen da liburu hunkigarri hau.
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo