Jean-marc halsouet «Xano» | Musikaria
«Diskoko kantuen bitartez, haurren munduan zehar bidaiatzen dugu»
Jean-Marc Halsouet «Xano» musikari autodidakta da. Gitarratik abiatuta, punk estiloarekin hasi zen, ondoren rock-metalera jo zuen, gerora King Mafrundi reggae taldean sartzeko. Duela hilabete batzuk disko berri bat argitaratu du Apaizgoa Recordsekin, autoprodukzio honetan house musikak nahasketa ugari eskaintzen ditu. Azken lana Azkaineko ikastolako haurrekin grabatu duen «Bidaia» diskoa da.
Idoia ERASO | AZKAINE
Azkaineko ikastolak 40 urte betetzen dituela ospatzeko disko bat egin dute. Haurrek, gurasoek eta ikastolako lagunek, musikari profesionalen kolaborazioarekin, «Bidaia» disko argitaratu dute. Urtean zehar eginen diren beste hainbat ekitaldirekin batera, larunbat honetan diskoa osatzen duten kantuen ikuskizuna prestatu dute haur eta irakasleek. Azkaineko Kiroletan eginen da goizeko hamar eta erdietatik aurrera.
Zer aurkezten du «Bidaiak»?
Diskoaren gaia bidaia da. Haurrek horrek inspiratzen duenari buruz idatzi dute, baita burasoek edo ikastolako lagunek ere. Gero musikak konposatu ditugu Philippe Albor, Pantxika Solorzano eta Maddi Subeldiarekin, gaiaren inguruan melodia ezberdinak egin ditugu.
Zer gai agertu dira bidaiaren inguruan?
Nola ez, Afrika agertzen da, eta gero badira beste berezi batzuk estralurtarrei buruzkoak edo bada ere «Lukainkaren bidaia». Lukainka bat heldu da Estatu Batuetara eta han bere bidaia bukatzen du barbakoa batean; errea bukatzen du lukainka gaixoak. Gero ere bada «Mezua» non urpekari bat sirena batekin maitemintzen den.
Nola egin duzue haurrek sortu fantasia mundu hori musikaren bitartez adierazteko?
Nire haur aldea ez dudanez arrunt galdu, eta beste musikariek egin dutena ere ikusita, ez dutela beraien haur aldea galdu ikusten da, haurtzaroko oroitzapenetara bueltatu gara.
Zein musika estilo atzeman daitezke,, beraz, diskoan?
Denetarik bada, baina biziki airosak dira. Gaiaren inguruan eginak dira, gaia Afrika bada musika afrikarra da, baina ukitu modernoarekin. Gero «Mezua», esaterako, ipuin baten apainketa bat da. «Extralurtarrarenak» espazio-ontziko giroa du.
Eta diskan zehar bidaia bat egiteko era bada kantuz kantu?
Bai, txikienak Pantxika Solorzanoren «Egunon» kantuarekin hasten dira. (Kantuz hasi zen) «Egun on. Guten tag. Hello. Buon giorno. Buenos días. Bonjour». Horrela agurtzen dugu entzulea, eta gero haurren munduan zehar bidaiatzen dugu.
Haurrek kantatzen dute diskoan. Nolakoa izan da haurrekin lanean aritzea?
Ez da erraza izan, zeren eta kantu batzuk besteak baino zailagoak dira ikasten, baina irakasleek sekulako lana egin dute. Biziki abentura polita izan da.
Txikienek ez dute sobera pentsatzen, ez dute sobera kalkulatzen, orduan biziki xarmanta ateratzen da, nahiz eta batzuetan pixka bat desafinatua izan, ez du garrantzirik zeren eta bihotzarekin ari dira.
Handiagoak gehiago kontzentratzen ziren, baina hala ere xarma handiarekin ari ziren. Benetan xarmanta atera da, freskotasunez betea.
Zuk konposatutako musika duen «Nortasuna» kantua Azkaineko ikastolaren 40 urteen ereserkia izanen da.
Besta egiteko gogoa ematen duen kantua da; doinua alaia da eta erritmoa ere nahiko bizia du. Mizel Jorajuriak egin ditu hitzak, eta laudatzen du gure euskaltasuna, gure «Nortasuna».
Zer eskaintzen du berezia «Bidaia» diskoak?
Nire ustez, poztasun handi bat ekartzen du haurrak bihotzetik kantatzen entzuteak. Biziki hunkigarria eta biziki positiboa da. Ikastolak 40 urte ospatzen ditu eta beste 40 urterako gogoa ematen du haiek entzunez.