Lasarte-Oriako «Auzoz auzo» prozesua 3. fasean murgilduko da
GARA | LASARTE-ORIA
Parte hartze prozesua oraindik amaitu ez den arren, Lasarte-Oriako Udalak herrian abiarazi zuen ekimenaren behin-behineko emaitzak «oso positibotzat» jo ditu, eta azpimarratu du lehenengo aldia dela halakorik abiarazi dela, bizilagunei hitza emanez.
Egindako lehenengo bilera errondan, kezkak, zalantzak eta proposamenak bildu zituzten udal arduradunek; eta bigarrenean, berriz, lehentasunak sailkatu dituzte. Hauek, aldi berean, hiru taldetan banatu dituzte.
Hala nola, berdeak dira eskumen osoa Udalari dagokionean, eta epe motzean -urte amaitu aurretik- erantzungo direnean. Laranjak berriz, Udalak konpetentzia osoa izan arren, proiektuaren tamainagatik berehala erantzun ezin diren horiek, «aurrekontu bat eta lanketa sakona» eskatzen dutelako. Azkenik, gorriak dira Udalak eskakizunaren inguruan konpetentziarik ez duenean, eta beraz, ezin duenean erabakirik betearazi.
Kezka nagusiak
Erregistratutako kezkei dagokienez, auzo guztietan honako lehentasunak agertu dira: ongizatea (gizarte-ongizatea, hiri-zerbitzuak, ingurumena) eremukoak izan dira, hirigintza (azpiegiturak eta mugikortasuna) eta ekonomia arlokoak (garapen ekonomiko eta komertzioa). Kultura (euskara, hezkuntza eta kirola) eta partaidetza (auzogintza eta komunikazioa) ere herritarrek azaldu dituzten kezken artean daude.
Bestalde, izan dira auzo ezberdinetan atzeman diren lehentasun komun batzuk. Besteak beste, auzoko garbiketa, hiribusaren zerbitzua, txakur kakak edota aparkaleku gabezia.
Aurrerantzean, eta udara bitartean, 3. fasea abiaraziko da eta erabakitze sistemaren aurkezpena ere egingo da. Modu honetara, herritarrek erabakiko dute zein proiektu eramango diren aurrera. Hain zuzen, asteazkenean, hilaren 18an 19.00etan, auzoz auzoko balorazioaren aurkezpena egingo da udaletxean.