GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga Kazetaria

Beltzen itzal beltza

Zutabe hau Irlandara joan aurretik hasi nintzen idazten, eta herrialde horren tasunak nabarmentzeko erabili nahi nuen, euskaldunak nolako abegikortasunez hartzen gaituzten azaltzeko. Urtero zergatik itzultzen garen galdetzen digutenei erantzuteko xedez-edo. Baina Dublineko aire- portura heldu bezain laster Iñigoren heriotzaren berri izan genuen, eta hortik aurrera, ezin aurreikusitako planari eutsi. Ezin irlandarrek ezagutzen dituzten berde kolorearen berrogei mota desberdinez hitz egin halako berri batek dena belzten duenean.

Gazte bat hil dute. Hori da ostegun hartan Indautxun jazotakoak utzi digun egia nagusi eta mingarriena. Atzera bueltarik ez duena. Baina ikusitakoak beste ondorio batzuk utzi dizkigu, kontuan hartu beharrekoak guztiak.

«Biolentzia», «justizia» eta halako hitz merkeak erabiltzen dituztenek zein hipokritak, biolentoak eta justiziaren kontrakoak diren ikusi dugu berriro. Ez da gauza berria, baina Ares eta enparauen hitzak entzuteak haserrea baino nazka eragin digu askori. Eta edukiontzi erre bati ematen dioten tratamendua eta 28 urteko pertsona baten erailketari emandako erantzuna alderatuta, ulergarria da batzuek herri honetan gertatutakoaren «errelatoa» zuzendu nahi izatea.

Eta, bestetik, Euskal Herrian bertsio ofizialek inoiz ez badute sona onik izan, esango nuke hemendik aurrera oso zaila izango dutela inolako sinesgarritasunik eskuratzea. Defendaezina dena defendatu duten horiek eurek ere badakite nolako hanka-sartzea egin duten, eta ze ondorio izango dituen. Greba orokorraren egunean Xuban Nafarrate gasteiztarrari egindakoaren ostean, pentsatzekoa zen kontu handiagoz ibiliko zirela, denbora batez behintzat, baina argi dago prepotentziak eta harrokeriak gidatzen dituztela Lakuan gotortutakoak eta beren aurrekoak. Ertzaintzaren basakeriaren historia ez da atzokoa.

Berri txar baten karira izan bada ere, elkartasunaren besarkada estua ezagutu dugu. Europako futbol zelai ugaritako pankartek eta zaleek egindako keinuek bero apur bat ekarri diote herri honen bihotz izoztuari. Cork hirian ere, Gatibu eta Clan Eireann taldeek iragan asteartean eskainitako kontzertuan, Iñigo gogoan izan genuen bertan bildutako euskaldunek zein irlandarrek. Agian, beste horrekin geratu beharko ginateke. Herri hau ez dago bakarrik, eta, modu berean, `Pitu'-ren senide eta lagunak ez dira bakarrik egongo. Ziurrenik, jasotako babes maitekorra ez da nahikoa izango mina estaltzeko, baina, hau bai, egiazkoa izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo