Osasungintzako cluster berria sortu dute Ipar Euskal Herrian
Hemendik aurrera, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako lurraldean osasun arloan diharduten hainbat eragile pribatuk elkarlanerako tresna berria izango dute. Izan ere, Osasuna clusterrean batzeak «onurak» ekarriko dizkietela konbentzituta daude. MIGeko arduradunak ere pozik agertu dira kalitatea, berrikuntza eta formazioa hobetuko dituen egiturarekin.
Arantxa MANTEROLA | BIDARTE
Harrotasunez eta itxaropentsu aurkeztu berri dute Osasuna cluster berria Ipar Euskal Herrian. Baionako Merkataritza eta Industria Ganberaren (MIG) gidaritzapean, osasungintzako hainbat eragilek, batez ere alor pribatukoek, beren indarrak batu dituzte Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako herritarrei «zerbitzu ahalik eta hoberena eskaintzeko», eta jakina, ekonomikoki ere beren jarduera «sustatu eta indartzeko».
Bidarteko Estia hautatu zuten aurkezpen ofizialerako. Izan ere, MIGek kudeatzen duen Ingeniaritza Eskola bera ere clusterreko partaideetako bat da. Andre Garreta MIGeko presidenteak nabarmendu zuen «osasunarena, etengabeko berrikuntza, teknologia berrien erabilera eta, horrenbestez, formakuntza exijitzen duen esparrua izaki», normala dela Estia ere sare horretan egotea.
Ekimenaren «lehen merezimendua», bere esanetan, Ipar Euskal Herriko ehun ekonomikoan osasunaren esparruak duen pisua azaleratzea da. Lanpostuei dagokionean, 16.745 enplegu biltzen ditu (orotara lanpostuen %15,5), horietatik 9.913 soldatapekoak.
Gehienak (%64), osasun zentroetan eta kliniketan ari dira. Bere kontura jarduten dutenen (ogibide liberala dutenek) ere zati garrantzitsua (%21) osatzen dute. Industriak, berriz, %6 eta gainerakoak distribuzioan (%5) eta laguntza zerbitzuetan (%4) banatzen dira. Oro har, bost soldatapekotik batek osasun arloan jarduten du.
Barne produktu gordina
Gainera, esparru horrek Ipar Euskal Herrian sortzen duen barne produktu gordina (BPG) Pirinio Atlantikoetako Departamendu osoan eraikuntzako sektoreak duen adinako BPGra iristen da kasik (%6,6).
Garretak clusterraren beraren ezaugarriei lotu zion Osasuna-ren bigarren onura, hau da, «eragile bakoitzaren eta denen energia eta indarrak batuz, bertako partaideak lehiakorrago bilakatzen» direla, alegia. Ildo horretan, biziki pozik agertu zen clusterraren jarduera gidatuko duten «irizpide nagusiak kalitatea, berrikuntza eta formazioa» izatearekin.
MIGeko buruak ez zuen clusterraren sorrerak eragin dion betetasuna ezkutatu: «Askotan entzuten dugu, batez ere, turismoarekin zerikusia duten kontuetan, gure lurraldea apartekoa dela. Nik gehituko nuke, apartekoa dela baita ere bere dinamismo ekonomikoagatik eta ekiteko gaitasunagatik. Izan ere, lurralde gutxik esan dezakete bost clusterrak dituztenik». Hego Euskal Herrian dauden beste 13 clusterrak aipatuta, Europan «erreferentzialak» bihurtzeko bide ona dela gaineratu zuen.
Lehiakide diren arren, klinika pribatu nagusietako zuzendariek ere «berri ontzat» jo zuten clusterraren sorrera. Hala, Nicolas Bobet, Baionako lau klinika eta Biarritzeko Agilera klinikaren jabe den Capio taldekoak esan zuenez, «elkar ezagutza eta harremana hobeak» izateko oso tresna baliotsua da.
François Gouffrant Delay klinikakoak, berriz, «egoera ekonomiko konplexuaren aitzinean sektorea iraunkortuko bada, sinergiak bilatzeko premia» nabarmendu zuen. «Bai, lehiakide gara baina ez gara basati batzuk eta beste clusterrek ere frogatu dute elkarrekin lana egin daitekeela», gaineratu zuen.
Lan ardatzak
Oraindik oso zehaztuak ez badaude ere, Sylvie Meyzenc clusterreko teknikariak hiru lan ardatzak aurreratu zituen: eskaintza garatzea, garapen iraunkorra eta giza-baliabideak.
Bide horretan aurreikusten dute hainbat bitarteko elkarrekin jartzea energia aurrezteko, erosketak taldean egiteko, etorkizuneko lanbideei begirako formazioa ahalbidetzeko edota artxibategiek eta dokumentazio guneek hartzen duten lekua ere aurrezteko.
Ekimenen artean, gainera, bereziki gaixoei zuzendutako aldizkari bat argitaratuko du clusterrak (hamar ale urtean). Doan zabalduko da osasun zentro eta kliniketan eta publizitatearen bidez finantzatuko dutela adierazi zuten.
Baionako Ospitalea ez da Osasuna clusterraren partaide izanen. Philippe Ducassek adierazi zuenez, «merkatu publikoen logika tarteko eta ospitalea publikoa izaki, ezin du clusterrean parte hartu». Alta, osasun alorrean lehen mailako eragilea izaki, berarekin «lehentasunezko harremana» izango dutela segurtatu zuen.
Ekimena beste eragileei irekitzeko aukera ere ez zuten baztertu, esaterako, Hego Euskal Herrikoekin elkarlana garatzea. Baionako eta Donostiako merkataritza eta industria ganberen artean sortutako Bihartean egitura baliatuko dute «mugaz gaindiko» loturak eta kolaborazioa sustatzeko. A.M.
Osasuna aurretik, lau cluster sortu dira Ipar Euskal Herrian: EuroSima (irristatzeko kirolen ingurukoa); GOazen (turismoa); Euskal Eureka (eraikuntza eta obra publikoak) eta Uztartu (nekazaritzako elikagaien industria).
Osasuna clusterreko lehen partaideen artean Delay, Capio taldea eta Medi Cambo klinikak, Donibane Lohizuneko Poliklinika eta CIMPB medikuntzako irudigintza zentroa (erradiologia, eskanerrak...) daude.
Philippe Ducasse clusterraren koordinatzaileak nabarmendu zuen zaintza eta arreta eskaintza egiten dutenen artean, Kanboko azpiegiturek «sekulako garrantzia» dutela, batez ere egonaldi luze eta ertainerako duen ohe-kopuru handiarengatik.
Gainera, Darrasse analisi-laborategia eta B Braun, Tecnoflex eta Renaudin enpresak ere sartu dira clusterrean.
Esparru horretan Estatu frantsesean sortzen den lehen clusterra dela nabarmendu zuen Ducassek. «Beste batzuk ere badaude, baina alor teknikora mugatzen dira eta ez dute, guk bezala, osasun eremuko eragile askotarikoak biltzen». A.M.