Peter Mel: Aurtengo munduko olatu handien itzulian txapeldun
Olatu handien munduko itzulia, Big Wave World Tour 2011-2012 amaitu da, eta Peter Mel kaliforniarrak irabazi du. Aurtengoarekin itzuli hau egiten duten hirugarren aldia izan da, eta urtero bezala, itzulia osorik egitea ezinezkoa izan da. Ipar hemisferioan egin behar ziren bi txapelketak esaterako, ez dira egin, mota honetako txapelketak egiteko beharrezkoa den gutxieneko itsaskirik izan ez zelako.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Olatu handien munduko itzulia, Big Wave World Tour (BWWT) 2011-2012, amaitu da, eta Peter Mel kaliforniarrak eskuratu du txapela. Aurtengoa hirugarren itzulia izan da eta tourrak hasiera indartsu bat izan bazuen ere, ez dira itzuliko lau probak osorik egin, txapelketa egiteko gutxieneko itsaskirik ez baita izan ipar hemisferioan egitekoak ziren bi txapelketetan.
Olatu handien tourra Gary Linden surflari eta shaper ezagunak sortu zuen 2009. urtean, eta lehen itzuli hartako irabazlea Carlos Burle brasildarra izan zen.
Lehiaketa berezia
Olatu handietako itzulia berezia da. Txapelketak egiteko gutxieneko baldintza batzuk behar dira eta zaila izaten da horiek betetzea. Olatuak gutxienez sei edo zazpi metrokoak izan behar dira, eta munduan leku gutxi daude halako itsaskiak maiz izaten dituztenak; beraz, hautatutako lekuak bereziak dira.
Beste berezitasun bat zera da, data zehatzik ez izatea. Txapelketa bakoitza bertan olatuak izateko aukerak ugarienak diren sasoirik onenean egiten da; baina, hala eta guztiz ere, gutxienez zazpi metroko olatuak izateko baldintza betetzea oso zaila da, baita munduko itsaski handienak izaten dituzten lekuetan ere, eta horregatik txapelketa egiteko eguna itsaskiek beraiek jartzen dute.
Txapelketa egin ahal izateko itsaski handi bat behar denez, bi hilabeteko epea izaten da lehiaketa bakoitzean. Itsaski handi bat sartzeko aukera erreala ikusten bada, parte-hartzaile guztiei deitzen diete zortzi egun lehenago, eta horiek, astebeteko tartean, nola edo hala bidaia antolatu eta itsaskia sartzen den egunerako lehiatzeko moduan egon behar dute txapelketa gunean.
24 surflari lehiatzen dira txapelketa bakoitzean. Txandak 45 minutukoak izaten dira, eta lehenik, sei kideko lau txanda egiten dituzte. Txanda bakoitzetik hiru lehiakidek lortzen dute hurrengo txandarako pasea; beraz, lehen txanda gainditzen duen lehiakidea zuzenean finalerdietara joaten da, eta azkenik, finalean sei dira norgehiagokan aritzen diren lehiakideak.
Urtero egiten da tourra, baina txapelketa egin ahal izateko berezitasunak kontuan hartuta, ez da egiten urte natural batean, egutegiko bi urte hartuz baizik. Urte bateko apirilean hasten da eta hurrengo urteko udaberrian amaitzen da. Horregatik jartzen dituzte bi urte izenburuetan.
Halako txapelketetan ezin du edonork parte hartu, batzuek aurrez lortutako merituengatik dute postu finkoa, eta beste batzuek gonbidatuak izan direlako.
Txapelketa egiten den leku bakoitzean, bertako jendeak ere parte hartu behar du, eta hori ziurtatzeko, aurrez trial lehiaketa bat egiten da.
Itzuliko irabazlea hautatzeko sistema nahiko konplexua da, txapelketa batean lortutako puntuak olatuek izan duten altueraren arabera neurtzen baitituzte.
Hego hemisferioan
Aurtengo BWWT itzulia indartsu hasi zen, 2011ko maiatzaren 28an, Txilen, Punta de Loboseko olatu hotzetan. Baldintzak itzelezkoak izan ziren, egun eguzkitsu bat, erreka haize goxoa eta zazpi metroko (40 oin baino gehiago) ezker olatu luzeak. Marcos Monteiro brasildarra izan zen irabazlea.
Iaz ere maiatzean egin zuten Punta de Loboseko txapelketa, eta olatu ederrak izan ziren, Cristian Merellok irabazi zuen, bertako surflariak.
Hego Amerikan eta mundu osoan zehar aurki dezakegun ezker olatu luzeenetako bat da Punta de Lobos. 200 metroko ibilbidea eskain dezakeen olatua da, ariketa guztiak egiteko aukera ematen duena.
Itzuliko bigarren geldialdia Perun izan zen, Pico Alto deitzen duten leku batean, eta han ere baldintzak onak izan ziren, 6 eta 7 metro arteko olatu garbiak. Abuztuaren 11n egin zuten olatu handien itzuliko bigarren proba, Billabong Pico Alto 2011/2012, eta irabazlea Peter Mel estatubatuarra izan zen, zazpi metroko olatuetan.
2010eko abuztuan, Pico Altoko eskuin olatu beldurgarrian egin zuten txapelketa berriz, Jamie Sterling hawaiiarrak irabazi zuen.
Iaz, itzulia osatzen duten bost txapelketatik, hiru txapelketa baino ez zituzten egin, Txile, Peru eta Oregonekoa (AEBak), beste bietan, Maverick's eta Todos Los Santosen, ez baitzen gutxieneko itsaskirik izan.
Beraz, bai iaz eta baita aurten ere, hego hemisferioko txapelketak egin ahal izan ziren, baina ipar hemisferioan arazoak izan ziren. «La Niña» fenomenoak ozeano bareko iparraldea kolpatu zuen eta haizete indartsuak sortu bazituen ere ez zuen itsaski handirik ekarri, eta ondorioz, AEBetan eta Mexikon egitekoak ziren itzuliko beste bi probak bertan behera geratu ziren.
Peter Mel finalerdietan izan zen Txilen. Perun berriz, lehen postua eskuratu zuen. Itzuliko beste bi probak egin ez zirenez, lortutako bi emaitzen baturak lehen postua eman dio kaliforniarrari. Azken urteetan emaitza bikainak bildu dituen lehiakidea da Peter Mel; beraz, asko borrokatutako garaipen bat izan da.
Mavericks
Munduko olatu handien zirkuitua (Big Wave World Champion) bost lekuk osatzen zuten, eta horietako bat Maverick's zen, baina txapelketa antolatzeko arazoak medio aurten zerrendatik kentzea beste erremediorik ez zuten izan.
Txapelketa ospetsu honek 2001ean Maldiva uharteetan hil zen olatu handietako surflariaren izena zuen hasiera-hasieratik: Jay Moriarity.
Iaz eztabaida sortu zen ordea, zeren sendiak Moriarityren izena marka izenekin ez lotzeko eskatu zuen. Eztabaidaren ondorioz, txapelketak babesle nagusia galdu zuen.
Modu honetan, olatu handien zirkuituko babeslerik gabeko bigarren lehiaketa bilakatzekoa zen Kaliforniakoa, izan ere Todos los Santosen (Mexiko) egiten den txapelketak ere ez baitu babesle ofizialik, baina azkenean txapelketa ez egitea erabaki zuten.
Sean Collins
Aurtengo itzulian izan da ezbeharrik. Sean Collins, Surfline.com, surf munduan den web orri ospetsuenaren zuzendaria abenduaren 26an joan zen 59 urte zituela bihotzekoak jota.
Olatu handietako txapelketetan itsaski iragarpenek sekulako garrantzia dute, izan ere hauen arabera erabakitzen baita txapelketa egin edo ez, eta gainera mota honetako txapelketetako lehiakideak munduko edozein bazterretan egon ohi dira eta garaiz eman behar zaie abisua txapelketa egitekotan diren lekura bertara daitezen.
Sean Collins zen itsaski iragarpenen arduradun nagusia. Surf munduan eta ingurumen kontuetan aditua, munduan oso jende gutxi izango da itsaski eta haizeteez hark adina zekienik.
Munduko olatu handien itzuliko antolatzaileentzat eta munduko surf komunitatearentzat galera handia izan da.