GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ernegatua

Auzo-lotsa

Euskaldunok selekzio gisa Europan parte hartu ahal izan dugun surf txapelketetan espainiarrek inoiz lortu ez dituzten eta lortuko ez dituzten emaitzak lortu izan ditugu Lehia, lehia da, eta Tanzania edo Haitiko selekzioak garaitu eta kakaren pareko uzten dituen egunean, ez pentsa irriari eutsiko diogunik. Europarrek agurtzen dituzten moduan agurtuko ditugu: «Ole!»

Askotan, urruneko lurraldeetan, norbaitek nongoa naizen galdetzen didanean, Frantzia hegoaldekoa naizela erantzuten dut. Euskalduna naizela esateko eta honek dakarren ondorengo azalpenetarako astirik ez dagoenean, aukera bat, kolonizatu gaituzten bi herrialdeetako bat hautatzea izaten da, eta frantsesa zarela esanez gero gutxieneko errespetu bat lor dezakezu. Espainiarra zarela esanez gero, ordea, segituan hasten dira barre algarak, «ole!» ozenak eta txantxa umiliagarriak.

Baina antza, kanpoan espainiarrez duten Torre Bruno irudi hori ez zaio axola zenbaiti. Espainiako selekzioan euskaldunak izatea ohiko bilakatu da. Norberak kirol munduan egin beharreko ibilbidean urrats garrantzitsutzat aurkezten dute munduko selekzio barregarrienean parte hartzea, eta errespetua eskatzen dute.

Noski, erabakia errespetagarria da, baina gauza bat da errespetatzea eta bestea da bat egitea, eta askok, gure koloreekin parte hartu nahi eta ezin dugunok esaterako, ez dugu bat egiten, ezta zertan bat egin ere. Ez dezatela gainera gure laudoriorik espero, zeren askori lotsa emango liguke ez garen horiekin nahastea.

Euskaldunok selekzio gisa Europan parte hartu ahal izan dugun surf txapelketetan espainiarrek inoiz lortu ez dituzten eta lortuko ez dituzten emaitzak lortu ditugu. Gure artean diren surflari onenek euskaldun gisa ez bazen, ez lehiatzeko hautua egin izan dute. Orain ordea, ia naturaltasunez ikusten da Espainiako selekzioan parte hartzea, eta surflari onak ere badira tartean gainera. Herrialdekako ISA surf itzuliko Junior kategorian parte hartzeko espainiar selekzioak hautatu dituen hiru surflarietatik bi euskaldunak dira.

ISAko txapelketetan talde espainiarrek izan duten ibilbidea begiratuta, ia olaturik eta azpiegiturarik ez duten herrialdeetako selekzioek emaitza hobeak lortu izan dituztela ikusiko duzue. Beraz, oker dabiltza norberak egin beharreko ibilbideaz mintzo direnak, euskaldunak direla baina espainiarren taldean lehiatu beste erremediorik ez dutela diotenak, lehenik norberak bere burua begiratu behar duela eta sosak irabazi behar direla eta antzerako argudioekin dabiltzanak. Kaka zaharra! Askoz ere hobe da gosez hil, lotsaz baino.

Ipar eta Hego Euskal Herriko surflariez osatutako selekzio batek itzelezko emaitzak lortzeko aukera errealak lituzke. Gure selekzio propioa osatzeko aukera dugun egunean, beste aukerarik ezean, espainiar selekzioan parte hartu beste erremediorik izan ez dutela dioten euskaldunek ere euskal selekzioan egoteko aukera eta eskubidea izango dute, noski, baina ez ordea behar adinako maila, eta ziur aski orain hautatu duten selekzio bera hautatuko dute, orduan bai halabeharrez. Baina, lehia, lehia da, eta beraz, Tanzania edo Haitiko selekzioak berriz ere garaitu eta kakaren pareko uzten dituen egunean, ez pentsa irriari eutsiko diogunik. Europarrek agurtzen dituzten moduan agurtuko ditugu: «Ole!».