Dopin kontrolean positibo eman du Wilkinsonek
Wilkinson WCT zirkuitutik kanporatua, dopin kontrolean positibo eman ostean.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Maila goreneko itzulia, WCT zirkuitua, Australian hasi zen otsailean. Aurtengo honetan dopin kontrolak izango zirela iragarri zuen ASP erakundeak eta lehen testak Gold Coasteko txapelketan bertan egin zituzten.
Itzuliari hasiera emateko lehen txapelketan festa ugari izan ohi da, eta agian horregatik hartu zuten lehen testak egiteko erabakia. Edonola ere, aurrez abisurik eman gabe deitu zituzten lehiakideak, eta antza, Matt Wilkinson australiarra ezustean harrapatu zuten.
Bere odolean aurkitu duten substantzia ez zen legez kanpoko droga gogor bat, baina tourra hasi aurretik lehiakideek firmatu behar duten testuan argi eta garbi agertzen dira zeintzuk diren lehiakideek har ditzaketen substantziak. Wilkinsonen odolean aurkitutakoa ordea, hartu ezin diren drogen zerrendan dago.
ASP erakundeak Wilkinson tourretik kanporatzea erabaki du. Gauzak horrela, Bell's Beachen izan den azken txapelketan ezin izan du parte hartu Wilkinsonek eta gainontzeko txapelketetan ere ezin izango da lehiatu.
Surflariak abokatu batekin helegitea jarriko duela iragarri duen arren, tourretik kanpo dago jada, eta horrela jarraituko du.