GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Munduari so

Afganistanen, 400 emakume eta neskatila daude moralaren kontrako delituengatik espetxeratuta. Moralaren kontra egitea beharturiko ezkontza bati uko egitea, bortxatua izatea edo genero indarkeriaz kexatzea da, esaterako. Afganistanen, beste herrialde askotan lez, morala gizonezkoek kudeatzen dute, emakumearengan ardaztuta esklabo bihurtzen dituzten arau itogarriak.

Mexikon, genero indarkeriak bestelako dimentsioa dauka; feminizidioa gertatzen da, emakumeen kontrako eraso sistematikoa izendatzeko sorturiko terminoa, denbora gehiegiz isilduriko fenomenoari behingoz heltzeko beharrezkoa.

Mexiko barruan, Ciudad Juarezen jotzen du gailurra emakumeen garbiketa horrek. Horregatik da ezaguna Ciudad Juarez, horregatik eta agintarien jarreragatik, ezikusiarena eginez feminizidioa ahalbidetzeagatik. Ciudad Juarezen, erailtzeak ez du zigorrik, ez du inolako ondoriorik, beraz, jendarteko babesgabeenen -emakumeen- kontra egitea hobby modukoa bihurtu da indarkeriaz elikatzen diren bertako gizonezko askorentzat.

Latinoamerikan, bestalde, elkarren eskutik bizi dira genero indarkeriagatiko erailketa tasarik handiena eta mundu mailako emakumeen partaidetza politikorik handiena. Latinoamerika, matxismoa gogorki errotuta duena, emakumea zorrozki estereotipatua, eta aldi berean, zenbait emakumeri inon baino botere maila handiagoa ematen ari zaiona. Ezkontzeko, haurrak izateko eta etxeaz arduratzeko eskola goizegi uzten duten neskatilen tasarik handiena duena, eta aldi berean, unibertsitateko ikasleen ehuneko 53 dira emakumeak.

Ameriketako Estatu Batuetan, american way of life zoragarri eta inbidiatuaren lurraldean, bost emakumetik batek dio sexu-erasoren bat jasan duela bizitzan. Erdiak baino gehiagok erasotzailea bikotea izan zela adierazten dute, eta gehiengoak ez du salatzen estigmaren beldur delako. Estigmaren beldur eta sistema judizialarekiko konfiantzarik ez. AEBetan, datu horiek ezagutzera eman zituen azterketaren arabera, bortxaketa epidemia isila da, estalia. Beste herrialde batzuetan lez.

Afrika eta Asiako 16 herrialdetan, neskatila adingabeen 25.000 ezkontza behartu ospatzen dira egunean, bederatzi bat milioi urtean. Neskatila horietako asko haurrak izaten dira oraindik, 16 urte ere ez dituztenak, eta familiak negozioak egiteko edo ohore kontuak garbitzeko objektu hutsak baino ez dira. Inolako etorkizunik gabeak.

Europan, lan eremuko soldata-arraila, kristalezko sabaia, osasun arloko anorexia eta kideak, politika esparruko kuotak eta halakoak ditugu. Genero indarkeriaz gain, jakina, ez baitago horretaz salbu dagoen herrialderik, gizon eta emakumeek osatua bada, behintzat.

Munduari so eginda, nabarmena da gizateriaren erdiak are zailago duela bizitza duin eta segurua izatea, bizitzea bera. Munduko agintariek -emakumeak barne-, ordea, porrot egin duen jendarte ereduari eusteari eskaintzen dizkiete euren goi-bilerak, sistema kapitalista salbatzeko moduari. Diruari, pertsonen gainetik. Nik, mundu mailako emakumeon iraultza amesten dut, pertsonona, Afganistanetik Euskal Herriraino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo