GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Oina eta gorotza

Elefanteak eta gainerako ugaztun basati handiak ez dira, ordea, premia lotsagarri horren biktima bakarrak: duela milaka urtetik ehiza-leku horiek bizileku dituzten san herriek gobernuaren «lekualdaketa politika» nozitu dute azken hamarkada hauetan

Denok -memeloak izan ezik- dakigu hatzak ilargia seinalatzen duenean, bigarrenari begiratu behar zaiola, eta ez lehenari... baina norbaitek oina gorotzetan orkatilaraino sartu duenean, zeri begiratu behar zaio, haren zangoari ala gorotzari? Ez dira, noski, guztiz parekoak bi kasuak, begiralearen arreta nora bideratzen den adierazteko ez bada...

Isilka, berak jakingo du norekin, Afrikara ehizara joan eta aldaka hautsita eta geratzen zitzaion onespen apurraren zati mardula xahututa etxeratu den agure ahobero eta erretxin horretaz ari naiz, jakina. Sekula begirune berezirik eduki ez diogunon aurrean ezer gutxi galdu duela iruditzen zait; aitzitik, gure errezeloak berretsi ditu pasadizoak. Agian horrexegatik, haren aldaka, ohe, diru, koroa eta adar kontu berrienek bereziki aztoratzen ez nautelako... geratu naiz ni gorotzari begira.

Gorotza, kasu honetan, Botswanan gertatzen ari dena da. Eta gertatzen ari den horren zatitxoa -garrantzitsua, baina txikia- besterik ez da argazkian basapiztia koroatuaren atzean hilda agertzen den elefante dohakabearen irudia. Egun hauetan espainiar hedabideetan zeharka ikusi/entzun denaren arabera (Botswana «Afrika erdialdean» kokatu dutenen ezagueraren ildoan), balirudike kontinente horretako zorigaizto mugagabeen basamor- tuan oasi modukoa dela herrialde hura. «Demokrazia egonkorra du», «turismoa eta ehiza dira bere diru iturri funtsezkoenetakoak» eta gisakoak aditu ahal izan dira... safarien antolatzaileen web orrialdeetan datorren publizitatetik kopiatuta, batzuetan. Zoritxarrez, erdizkako egiak baino ez dira; gezur maltzurrenak, beraz.

Munduko ehiza-lekurik desiratuena besterik ez bada ere hemen inguruko jendaila batentzat, oso bestelako zioarengatik da ezaguna Botswana mundu mailan: hiesa sorrarazten duen GIB-giza immunoeskasiaren birusak jotakoen proportziorik altuenetakoa (munduko altuena ez bada; %25 inguru dago kutsatuta 15-49 urtekoen tartean, azken estatistiken arabera) duen herrialdea da. Horrek, zuzenean nahiz zeharka, erakartzen dituen ondorioek (haurren %20 umezurtza da; lan egin dezaketenen kopurua gutxitzen ari da, eta hemendik urte batzuetara nekazaritza egoera oso larrian aurki daitekeela aurreikusten da; aurrekontuen zati mardulenetakoa xahutzen da izurriteari aurre egiten...) zerikusi zuzena dute bertako -bereziki Okavango ibarreko- ondare naturala nola edo hala ustiatu eta diru bilakatu beharrarekin.

Elefanteak eta gainerako ugaztun basati handiak ez dira, ordea, premia lotsagarri horren biktima bakarrak: duela milaka urtetik ehiza-leku horiek bizileku dituzten san herriek (boskimano izenaz ezagunago ditugun horiek) Gaboroneko gobernuaren «lekualdaketa politika» nozitu dute azken hamarkada hauetan. Eta azkenean Auzitegi Gorenak politika hori legez kanpo ipini badu ere, haietako gehienak Kalahariko erreserba batean hesituta aurkitzen dira jada. Gure bizkarroia bezalako zilbor-handi zuriek enbarazurik gabe «ehizan» egin ahal dezaten, sos batzuk ordaindu eta gero.

Hezurrak hautsita etxeratzen direla? Gutxitxo.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo