Teresa Calok anorexiaren mundua du oinarri «Marta ispiluaren aurrean» liburu berrian
GARA | DONOSTIA
Teresa Calo aktorea, gidoilaria eta irakaslea da. Baita idazlea ere. Izan ere, atzo «Marta ispiluaren aurrean» (Elkar) antzerki liburua aurkeztu zuen.
Liburua 17 urteko neska baten bakarrizketa bat da eta anorexia gaixotasunari buruz hitz egiten du. Modu gordinean eta zuzenean aurkezten du gaia, baina umore garratza ere erabiltzen du Calok. Estilo horri jarraiki, hizkuntza funtsezkoa da, esatekoak punta zorrotzaz idazten ditu, inongo bueltarik eman gabe.
«Anorexiaren arazoak asko arduratzen nau -esan zuen Calok- autoeraso horrek». Baina liburua ez da anorexiari buruzko istorio bat, ezta zerbait erakutsi nahi duen hitzaldi bat ere. Calok beste zerbait nahi zuen: nerabeei burutik kendu nahi die mundu horretan sartzeko ideia.
Horretarako, gaixotasuna barregarri uzten du istorioan, protagonistaren beraren ahotik. «Nerabeek barregarri geratzetik ihes egiten dute», azaldu zuen aktoreak, eta beraz, gazteak hainbeste erakartzen dituen martirio eta sufrimendu mundu horretatik aldentzera bultzatzeko, umore beltza erabili du.
Zehazki, nerbio-anorexiari buruzko bakarrizketa da; janik eza dela-eta, askotan gaixoa hil egiten duen gaixotasunari buruzkoa. Honakoan ere, protagonista hilda dago, eta linbo antzeko batetik hitz egiten du, bizitakoak aipatuz.
Testuak bere bidea egitea gustatuko litzaiokeela adierazi zuen Calok, antzerki bat muntatzea, alegia. Hala ere, testuaren jatorria dela-eta, eskoletako kanpainetan ikusten du egokien autoreak, eta badaki hori zaila dela muntatzea.
Hala ere, maiatzaren 8an eta 9an Donostian eta Bilbon egingo diren aurkezpenetan Calorekin batera, Acabe, Euskadiko Anorexia eta Bulimiaren Aurkako Elkarteko kideak izango dira gaixotasunari buruz hitz egiteko, solasaldian parte hartuz.