Caspar David Friedrich margolari erromantikoa, Arte Ederren Museoan
Alvaro HILARIO | BILBO
Bilboko Arte Ederrak Museoak atzo aurkeztu zuen uztailaren 8ra arte bertan ikusgai egongo den «Haritza elurretan», Caspar David Friedrich (1774-1840) margolari erromantiko alemanaren koadroa. Margolana beste museoen maileguak kudeatzen dituen «Obra gonbidatua» programari esker etorria da.
Kasualitatea bada ere, hauxe da oso denbora gutxian Friedrich orrialde hauetara dakargun bigarrengo aldia. Aurrekoan, Doctor Deseo taldearen eskutik zetorren, azken diskoko azala Friedrichen lan baten gainean Lazkanok egindako interpretazioa baita. Oraingo honetan, ordea, bere lan bat, «Haritza elurretan» Bilboko Arte Ederrak Museoan ikusgai dagoela iragarri nahi dugu. Neurri txikikoa izan arren, Friedrichen eta Ipar Europako kulturaren ezaugarri nagusietako bat islatzen du: natura eta paisaia.
Haritza
Friedrichek neguko naturaren atal bat irudikatu eta monumentalizatzen du. Haritzak era axialean banatzen du koadroa, eta zuhaitzaren izaera bakan eta irmoari laguntzeko, ezaugarri bera sendotuz, gama kromatiko murritza erabili zuen. Haritzarekin batera, urmael baten ondoan adar erori batzuk daude, konposizioari sakonera emanez. Margolanak horrelako paisaia batek isla dezakeen baretasuna eta poetika helarazi nahi dio ikusleari. Deskriptiboa, eta aldi berean, sinbolikoa.