GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Nongo eta Okavango

Aspertuta nago. Alfertuta ere. Aste osoko GARAk mahaiaren gainean zabal, orriak aurrera, orriak atzera, gaurko nire zorroztarriari zorroztekoa emateko gairen baten bila; bide-orrian baino gehiago orri-bidean. Kongresista soberanista batek urruneko aulkia aurki utziko duela irakurri dut non edo non. Tira, biodibertsitatea. Zerbait diferente topatu behar dut, gaurko harriak zer edo zer zorroztuko badu. Hara! Marigorringo Txuri Gorringo bihar euria ala euria egingo!. Berrikuntza gutxi horretan ... Hara! hau bai kolpea! Metroan lanuzteak!... baina ez, usteak ustel, hortaz idazten badut zorroztarria kamustuko egingo zait eta. Gehiago saiatu behar, paperak aurrera paperak atzera, komunetik atera eta hauxe bai ona! aurkitu egin dut topatu gura nuena!. Nongo eta ez hemengo, nongo eta Okavango!

Bai, delta omen da Okavango. Eta Botswanan ei da. Bai, buana. Hara! kristo guztia etxeko apalategira joan, antzinako Bilbo Handiko atlas geografikoa jaitsi, hautsa astindu, sitsak askatu, mahaian zabaldu eta horra! Botswana Zorrozaurretik zenbat urrun den jakin minean. Mina asebeteta atlasa apalategira igo, hautsa gainera bildu, sitsak ere berdin eta beheko erregearen hurrengo ehizaldira arte!. Bai, safari-leku ei da Okavango hori. Hango elefanteek beste inork baino hobeto dakite hori. Biodibertsitatea biodibertsitate ez dute horiek lasai ibiltzerik beraientzat propio mugatutako erreserbetan ere!. Hau kolpea! beti pentsatu izan dut nik non edo non erreserbak izatekotan erregeak biltzeko izan beharko luketela horiek, desagertze-bidean egon beharko lukeen espezie ale horiek biltzekoa. Musean baino ez zuten horiek egon behar, eta hor ere dudan; zaldiak nahiago nik neuk.

Tira, harira!. Zenbait erregeri airbagak ipini beharko lizkiekete, mokorretan behintzat. Errege-familia batzuei kopagoa ezarriz gero aukera bikaina Estatuaren diru-sarrerak handitzeko!. Portzierto, noiz etorriko familia horren komunikatua, ekintza armatuak, bolazko gomena tartean, behin betiko utzi dutela iragartzekoa?. Are gehiago, noiz behin betiko disoluzioarena?. Bitartean, deltaren bateko erreserban, gau erdian, errege bat dago kexuka, marmarrean... eta zuhaitz baten adarretik kakatua bat hari begira, esan nahian edo: zergatik ez zara isiltzen?. Eta berak: bai buana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo