GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Xabier Lasa, Lurdes Arteaga, Rosa Arteaga | Oroituz Andoainen herritarren elkartea

Andoaingo frankismoaren biktimen eskubideei ezetza

Alderdi horiei zera gogorazi beharko diegu, beste behin: Andoaingo 58 herritarrek fusilatu eta desagerrarazita jarraitzen dutela

Aurtengo martxoaren 28an, Oroituz Andoainen elkarteak udalbatzarrean mozio bat aurkeztu zuen, zera eskatuz: Udalak berak, agintaldi berrian, berriro hel ziezaion herriko hainbat herritarrekiko guztiok daukagun zor historikoari. Herritar horiek «egia, justizia eta erreparazioa» aldarrikatzen jarraitzen dute; izan ere, oraindik ez dakite zer gertatu zen euren familiakoekin, non diren fusilatu eta bide bazterretan edo hobi komunetan desagerrarazi zituzten euren familiakoekin...

Mozioa hiru puntuk osatu zuten, eta segidan azalduko ditugu:

1) Udalari 1936ko altxamendu militarrak Andoainen eragin zituen biktimen errolda bat osa zezan eskatu zitzaion. Errolda hori, giza eskubideen urraketen arloan Nazio Batuek ebatzitako kategorizazioaren arabera osatu beharko litzateke. Gogoan eduki behar da aipagai ditugun gertakizun izugarri horiek gertatu zirela 75 urte igaro diren arren, Andoaingo herriak oraindik ez daukala biktimen inguruko errolda ofizialik.

Errolda horrek, besteak beste, jasoko luke nortzuk izan ziren II. Errepublika, demokrazia, justizia eta berdintasunaren aldeko konpromisoa hartu, eta hargatik giza eskubideen urraketa mota ezberdinak jasan zituzten herritarrak.

2) Udalari, Andoaingo kaleetan oraindik dirauen sinbologia frankista erretira zezala eskatu zitzaion. Eskakizun horrek bat egiten du 2007ko Memoria Historikoaren Legearekin ez ezik, Andoaingo Udalak 2004ko apirilaren 14an onetsi zuen erabakiarekin ere; alegia, «eremu publikotik askatasunaren aurkako elementu sinbolikoak erretiratzeko baldintzak jartzeko» konpromisoarekin.

3) Azkenik, Udalari informazio panel bat jartzea eskatu zitzaion (frankistek fusilatu, desagerrarazi eta gainerako zapalduen alde Alfaro parkean jarrita dagoen eskulturaren ondoan). Panelak fusilatutako eta desagerrarazitako 58 andoaindarren irudiak bilduko lituzke, horien inguruko aipamen biografiko laburrekin batera. Mozioko puntu honek, Udalak 2004ko batzar hartan hartu zuen erabakietako batekin bat egingo luke; izan ere, orduan, bitarteko idatziak, bisualak, ahozkoak... sustatzeko gogoa azaldu zuen Udalak, makina bat andoaindarrek bizi izan zuten bizipen tragikoa ahanzturatik ateratzen laguntzeko asmoz.

Bada, PSE-EE, EAJ eta PP alderdiek ezezkoa eman zieten mozioko hiru puntuei. Hitz murritzez zuritu zuten euren jarrera: «aski da orain arte egin den guztia».

Alderdi horien jarrera larriaren aurrean, Oroituz, Andoainen herritarren elkarteak adierazi nahi du lortutako emaitzek jakinarazten digutela aurretik abian jarritako ekimenak aski izan diren ala ez, eta, hain zuzen ere, alderdi horiei zera gogorarazi beharko diegu, beste behin: Andoaingo 58 herritar fusilatu eta desagerrarazita jarraitzen dutela, eta horrexegatik, horien familiakoek egia, justizia eta erreparazioa eskatzen jarraitzen dutela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo