Gernika, 75 urte
Bergarako maleta, ahanzturatik salbu
75 urte dira elgetarrek eta Intxortaren magalera borrokatzera etorritako milaka miliziano eta gudarik gerraren ankerkeria jasan zutela: atxiloketak, fusilamenduak, bortxaketak, sorgin ehiza... Inork ez du oraindik barkamenik eskatu, baina gudarien arkatzek idazten jarraitzen dute, eta Mexikoko maletaren antzeko bat aurkitu dute Bergaran, testigantzaz betea.
Maider IANTZI
Bergaran aurkitutako maleta Mexikokoarekin konparatzea ez da arinkeria, Robert Capak eta David Sheymour Chim bere laguntzaileak bezala, gure guraso eta aiton-amonek bizi izan zuten 36ko gerran balio izugarria duten argazkiak egin baitzituen Toribio Jauregi Bergarako semeak. Bi kasuetan, maleta batek emandako babesari esker heldu ahal izan dira gureganaino hainbat aurpegi, egoera, bizipen eta testigantza; ganbara ilun batean 75 urtez gordeta egon ondotik. Leica kamera bat, bi maleta zahar eta, batez ere, bi argazkilari eta beren ondorengoak, zeluloide horiek denboraren joanetik eta ahanzturatik salbatu dituztenak.
Hain denbora luzea igarota ere, Jauregiren argazkiek kalitate ikaragarria dute, baita teknika ere, eta hurbiltasunez eta humanismo handiz erakusten dute 1936 eta 1939 arteko Bergara. Gerrako bi bandoetako jendeari egin zizkion erretratuak: Errepublikaren alde kalera atera ziren lehendabiziko milizianoei -han ageri dira STV (Solidaridad de Trabajadores Vascos) hizkiak zeramatzaten buzoekin eta ikurrinaren koloreekin, pistola eta eskopeta batzuk soilik armatzat hartuta-, FP (Frente Popular) idatzita zeramaten ezkertiarrei, baina baita altxatuei ere. Denetarik agertzen da irudietan: alemaniarrak kanoiekin, mairuak fusilekin eta italiarrak tankeekin, errusiarrak ere bai frankisten ondoan; hori dena Bergaran bakarrik.
Elgeta 1937ko apirilean txikitu zuten. Justu orain betetzen dira 75 urte. Bederatzi urte geroago konpondu zituzten lehendabiziko eraikinak, udaletxea eta eliza; etxeak, aldiz, handik sei edo zazpi urtera. Horrek erran nahi du elgetarrak herritik kanpo bizi izan zirela urte mordoan. Toribio Jauregiren argazkiekin osatutako erakusketako lehendabiziko irudian, Bizkaiarekin muga egiten duen Debagoieneko herri hau ageri da suntsituta. Eta aitzinean, argazkilaria bera, tripodearekin aterata.
Dena den, ia-ia erretratu guztiak Bergarakoak dira. «Bergara 1936» izena du Udal Artxiboaren eta Intxorta 1937 Kultur Elkartearen artean antolatu duten erakusketak. Oinarria Jauregiren argazkiak dira, 200 denera. Denda bat zeukan Barrenkale kalean, drogeriarekin eta argazkiekin. Gerra hasi zenean, baina, kalera atera zen, begi aurrean zuen une historikoa kamerarekin jaso eta ondorengoei uzteko.
Intxortako kideen asmoa argazki horietan agertzen diren aurpegi guztiei izena jartzea da. Martxo bukaeran Bergarako Aroztegi aretoan erakusketa ireki zutenetik ia 1.700 lagun etorri dira ikustera eta izen pila eman dizkiete, jendea ezagutu egiten dute-eta. Juan Ramon Garaik iragarri duenez, apirilaren 29an erakusketa hau itxi eta «Elgeta suntsitua» izeneko bertze bat zabalduko dute toki berean. Zergatik Bergaran? «Gerra Elgetatik Bergarara eta Bergaratik Elgetara izan zelako». Bi erakusketokin talde ireki bat sortu nahi dute memoria historikoa berreskuratzeko, Oñatin eta Aretxabaletan egin duten bezala.
Argazki batean, ilaran ageri dira sozialista bergararrak, eskua gora altxata irribarretsu. «Zelako umoretsu zeuden gerrara joateko prest baina oraindik gerra hasteko zela! Gero aurpegi alaitsu horiek ez dira gehiago agertuko», azaldu digu Garaik. Kontatu digunez, ezuste handia hartu du berak ere, aita ezagutu duelako bi argazkitan. Aita okina zuen eta han ageri da bi iruditan, batean umea dirudi eta hurrengoan, handik zortzi hilabetera ateratakoan, anitzez helduagoa, gerrak heldua.
Pablo Beldarrainen liburua
Erakusketa honetatik hurbil, bertze dokumentu historiko garrantzitsu bat aurkeztu dute, ikertzaileentzat hiztegi bat ere izan daitekeena; Pablo Beldarrain gudarien komandanteak, V. Euskal Dibisioko buruak, lehen pertsonan idatzitako borrokaldietako gertakizunak dira. «Historia crítica de la guerra en Euskadi (1936-37)» izenburuarekin kaleratu du liburua, gaztelaniaz, Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, eta ekitaldi batean bildu dira elkartekoak eta Pabloren senideak: Mari Carmen Amoriza alarguna, seme-alabak, baita bilobak ere.
Aranzadi Zientzia Elkarteko presidenteak, Pako Etxebarriak, azaldu bezala, familiakoek «haragia jartzen diete» indusketetan topatutako hezurrei eta batzuetan egiten dituzten deskribapen hagitz hotzei. Lehen aipatutako Toribio Jauregiren argazkiek, Robert Caparenen antzera, pertsona anonimoen berri ematen digute, eta, Etxebarriaren hitzetan, memoria historikoak egiten duena horiei balioa ematea da. Bergarako erakusketan ikusten da Elgeta erabat suntsitu zutela; irudiek inpresioa eragiten dute.
Beldarrain, defentsa frontearen buru ibili zen.
Eskeletoetan, sabelaldean, gudariek erabiltzen zituzten gerrikoen belarriak aurkitu dituzte, Eusko Jaurlaritzaren anagramarekin. Orain, Intxortakoek horien letoizko kopia zehatzak egin dituzte, baina bere garaian Juan Jose Ibarretxe lehendakariari jatorrizkoa eskuan jarri ziotenean dardarka hasi zen, hainbat pertsonak haren alde bizia eman zutela jabetuta. Asturiasen, Valdediosen, lurperatutako gehienak emakumeak diren lekuan, Arantzazuko Ama Birjinaren irudia topatu dute Aranzadikoek, eta gizon batek gerriko belarria zeramala ikusi dute.
Elgetan zerbait falta baldin bazen, lapitz bat topatu dute gudari baten gorpuarekin batera. Familiari eta lagunei oharrak idazteko erabiliko zuen. Horrek, Etxebarriak dioenaren arabera, indar ikaragarria ematen die eskeletoei, eta gauza batera behartzen gaitu denok, «mezuari jarraipena ematera, arkatz honek idazten jarraitu behar baitu».
Fue el lehendakari Jose Antonio Agirre quien le sugería a Pablo Beldarrain que hiciera una crítica de la guerra. Era a finales de 1937. Esta «Historia Crítica de la Guerra de Euskadi», que publica ahora Intxorta 1937 Kultur Elkartea, fue escrita por Pablo a lo largo de muchos años, en los que contó con la colaboración y apoyo de su esposa Mari Carmen Amoriza. «Lo que aquí se ofrece ha sido bastante trabajado, de modo escueto y verídico, sin omitir las cosas según van llegando, también las que no me gustan», explica el comandante de los gudaris. Desde Gipuzkoa hasta Santander, escribe sobre la organización del Ejército de Euskadi, las acciones de ataque y las sucesivas líneas de defensa, con la ayuda de planos dibujados por él y fotografías. También da los nombres de diez comandantes de gudaris y milicianos muertos combatiendo.
El 19 de mayo se forma la V División bajo su mando. La constituyen cuatro brigadas, no menos de 12.000 gudaris. Durante todo el mes de mayo y hasta mediados de junio se resiste bajo una abrumadora superioridad en armamento de los fascistas: «Desde el 22 de abril 150 aviones contra ninguno por nuestra parte».
La asociación Intxorta obtuvo hace años una copia del libro publicado a nivel familiar, y ha sido una estupenda fuente de consulta, ya que permite conocer, a través de un protagonista directo, no solo los combates sobre los que da una muy amplia información, sino las razones por las que actuaron así. M. I.
1937ko apirilaren 24an faxistek Elgeta hartu zuten: zibil eta milizianoak fusilatu zituzten, neskato zein emakumeak bortxatu. Gaur, omenaldia eginen dute horiek oroitzeko,12.00etan «Intxortako Atea» monumentuan.