GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Eduardo García langarika | medicus Mundi

Sexu eta ugalketa eskubideak, eskubide ahaztuak ote?

Artikulu honen hasieran azaltzen diren bi berriek, beren soiltasunean, oso errealitate gordina adierazten dute. Medicus Mundik zifratan jaso ditu sexu eta ugalketa eskubideen urraketak mundu osoko emakumeei sortzen dien kalte izugarria. Horri guztiari buelta emateko hainbat printzipio ezartzea proposatzen du erakundeak.

ABIDJAN (Boli Kosta): «Metodo antikontzeptiboren bat erabili nahiko nuke, baina nire senarra horren kontra dago», dio seigarren umea izan berri duen 32 urteko Bintou Moussak. GUATEMALA: antisorgailuak lortzea bereziki zaila da emakume indigenentzat, landa-eremuetan ez baitago bitartekorik, ezta prestakuntzadun langilerik ere, eta horri bizi duten bazterkeria egoera gehitu behar zaio. Baina oztopo kulturalak ere badira tartean, esaterako matxismoa. Halako jarreren erruz, emakume askok ezkutuan planifikatu behar izaten dituzte haurdunaldiak, bikotearen jeloskortasunik ez pizteko eta bortxaketak jasatea saihesteko». (Iturria: PS-Inter Press Service-la Conexión Global).

Duela gutxi iritsi zaizkigun bi berrik ongi erakusten dute zein den sexu eta ugalketa osasunerako eskubideek munduan bizi duten egoera. 1994an Kairon egindako goi-bileran sexu eta ugalketa osasuna definitu eta nazioartean giza eskubidetzat hartu zenetik nazioarteko hainbat adierazpen eta hitzarmen sinatu badira ere, egungo errealitatea bi berri horiek adierazten dutenetik gertuago dago.

Alde batetik, munduko zati handi batean, eta ez soilik gutxien garatutako herrietan, matxismoa nagusi da. Gaitz horri aurre egiteko denbora eta hezkuntza beharko dira, baina baita emakumeei gizonen eskubide berberak izatea galarazten dieten legeak aldatzeko borondate politiko handia ere.

Bestalde, toki askotan osasun-zerbitzu publikoak oso ahulak dira, eta horiek indartzeko borondate politikoak eragin handia du egoeran; gainera, kasu askotan ez dago horretarako baliabide ekonomiko nahikorik. Horri guztiari krisi ekonomikoa gehitu behar zaio, haren ondorioz are gehiago murrizten baitira gizarte, osasun eta hezkuntza-gastuetara zuzendutako aurrekontuak.

Sexu-eskubideek beren sexualitatearen gaineko kontrola izateko eta inolako hertsadurarik, diskriminaziorik edo indarkeriarik jasan gabe modu libre eta arduratsuan erabakitzeko eskubidea ematen diete gizon-emakumeei. Horrek esan nahi du pertsonen artean sexu-harremanek berdintasunezkoak izan behar dutela, eta gizakien segurtasunarekiko erabateko errespetua eta elkarrenganako onespena bermatu behar dituztela.

Ugalketa-eskubideen artean seme-alaba kopurua eta horien arteko tartea modu libre eta arduratsuan erabakitzeko eta horretarako informazio, hezkuntza eta bitarteko egokiak edukitzeko oinarrizko eskubidea dago.

Sexu eta ugalketa eskubidea urratzeak arrisku larriak eragiten dizkio osasunari eta erikortasun, hilkortasun eta diskriminazio iturri garrantzitsua da.

Sexu ez-segurua praktikatzea ohikoagoa izaten da informaziorik eskuragarri izan ez duten gazteen kasuan, sexu-bikotekidearekin negoziatzea eragozten duten botere-ezberdintasunak dauden kasuetan eta behartuta edo bortxaz egiten diren sexu-harremanen kasuan. Sexu ez-seguruak 2,4 milioi heriotza eragiten ditu munduan: heriotza gehien eragiten dituen hirugarren faktorea da diru-sarrera gutxiko herrialdeetan (1,7 milioi hildako), eta munduan ezgaitasuna eragiten duen bigarren arrisku-faktorea da (lehenengoa, ugaltzeko adinean dauden emakumeen kasuan), 70 milioi pertsonari eragiten baitie; gainera, GIB eta umetoki-lepoko minbizia bezalako beste STG batzuk hartzeko arrazoi nagusia ere bada (OME, 2009).

Amatasunaren ondoriozko gaitzengatiko hilkortasunaren gorakada gertatzen ari da. Urtero, 210 milioi emakumek beren bizia arriskuan jartzen duten arazoak pairatzen dituzte haurdunaldian zehar, eta konplikazio horiek ezgaitasun larriak eragiten dizkiete sarritan. Gutxienez beste milioi erdi hil egiten dira haurdunaldiaren, erditzearen edo erditze ondoko arazoen ondorioz, eta kasu horien %99 baino gehiago garapen bidean diren herrialdeetan gertatzen dira (Flasier, 2006; OME, 2010a).

15 eta 49 urte bitarteko emakume asko (herrialde batzuetan adin-tarte horretako emakumeen %60) noizbait behartu egin dituzte sexu-harremanak izatera. Kasu gehienetan senarra, bikotekidea edo familiagandik hurbilekoa den gizonezko bat izan ohi da sexu-indarkeria erabiltzen duena (Bott S. 2010).

Urtean 80 milioi emakume haurdun geratzen dira gogoz kontra edo horretarako asmorik izan gabe, 20 milioi abortu seguruak ez diren baldintzetan egiten dira, abortu horietako %40 25 urtetik beherako emakumeei egiten zaizkie, eta urtean 68.000 emakume inguru hiltzen dira praktika horien ondorioz sortutako arazoengatik. Horrenbestez, abortuaren gaiak lotura zuzena du emakumearen sexu eta ugalketa eskubideen testuinguru zabalarekin eta estatuek eskubide horiek defendatzeko eta betearazteko duten eginbeharrarekin.

Emakume askok inguru arriskutsuetan abortatu behar izaten dute, eta horrek argi erakusten du emakume horien desesperazioa, baina ez hori bakarrik: emakumeen eskubideak errespetatzeko, babesteko eta gauzatzeko orduan Estatuak askotan erakusten duen pasibotasunaren adierazle ere bada. Emakumeek kalitatezko zerbitzuak izan beharko lituzkete eskuragarri abortuaren ondoriozko arazoak tratatzeko. Gainera, halako kasuetan familia-plangintzarako zerbitzuak, hezkuntza eta abortu ondoko aholkularitza eman beharko litzaizkieke abortuak errepikatzea ekiditeko.

Haurdunaldian eta erditzean osasun-arreta espezializaturik ez edukitzeak amei eragiten die, baina hilkortasun perinatal handia ere sortzen du: 2004an 3,7 milioi ume hil ziren jaio eta lehenengo astean, eta 3,3 milioi ume hilda jaio ziren (OME, 2007). 2009an 370.000 ume GIBarekin jaio ziren, beraz, GIBa duten 15 urtetik beherako haurren guztirako kopuruak gora egin zuen eta 2,5 milioi izatera igaro ziren. Aita, ama edo bi gurasoak GIBaren erruz galdu zituzten 0tik 17 urtera bitarteko umeen kopuruak ere gora egin zuen eta 16,6 milioi izan ziren 2009an (ONUSIDA, 2010).

Medicus Mundiren ustez, sexu eta ugalketa osasunaren arloan egiten diren esku-hartzeak honako printzipio nagusietan oinarritu behar dira:

Arreta giza eskubideetan, eta arlo jakin honi dagokionez, sexu eta ugalketa eskubideetan jartzea, eta talderik zaurgarrienei jaramon egitea (adingabeak, emakumeak eta herritarrik txiroenak edo/eta baztertuenak).

Tokiko bazkideekin batera lan egitea, beti ere toki bakoitzeko faktore soziokulturalak kontuan hartuta.

Ekitatea eta genero-berdintasuna.

Herritartasun-printzipioak; horrek esan nahi du onartu egiten direla estatuek beren herritarrekiko dituzten betebeharrak eta baztertu egiten direla zerbitzu publikorik ematen ez duten edo pribatizazio-joerak dituzten politika bidegabeak.

Politika publikoetan laikotasunaren eta benetako demokraziaren printzipioa aplikatzea.

Lehen mailako arretan oinarritutako osasun-zerbitzu publikoak indartzea, sexu eta ugalketa osasunari dagokionez ere, osasun-arreta irisgarria eta berdintasunezkoa dela bermatzeko. Izan ere, zerbitzu hori arriskuan da «iparraldean» zein «hegoaldean»: lehenengoan doikuntzak inposatutako murrizketen ondorioz, eta bigarrenean, murrizketa horiexen ondorioz, garapenerako laguntzak alde batera utzi direlako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo