HARITZ LETE | kOKEIN TALDEKO BATERIA-JOTZAILEA
«Inoiz egin ditugun kantu rockeroenak bildu ditugu disko berri honetan»
Kokein taldeak iraupen luzeko laugarren diskoa kaleratu du egunotan: «Izan». Autoekoizpen bidez argitaratu den lan honek binilo LP formatuan eta Internet bidezko deskarga librean ikusi du argia, lehen aldiz, CD formatua atzean utzita. Musikalki, taldeak azken urte hauetan guztietan marraztu duen bidean sakontzen du, agian, inoiz egin duten diskorik rockeroena plazaratuz.
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
1999. urtean sortu zen Kokein musika egitasmoa, aurretik bestelako musika taldeetan ibilitako musikariak batuta. Geroztik, estudioko lau grabaketa egin eta dozenaka kontzertu gogoangarri eman dituzte Euskal Herriko gaztetxe, areto eta herriko jai askotan. Azken urte hauetan guztietan, talde era berbera mantendu du taldeak, formazio sendo eta trinko bat lortuz: Jatsu Argarate (baxua), Ruben Txitxes (gitarra), Zaloa Urain (ahotsa), Haritz Lete (bateria) eta Iker Saenz de Zaitegi (gitarra) dira egun Kokein, eta «Izan» diskoa dute azken emaitza. Eibarko taldeak inoiz egin dituen kanturik rockeroenak biltzen ditu disko berri honek, non gitarrak, eta horiek lantzeko erak, diren taldearen soinuaren ezaugarririk nabarienak. Horretarako, bateria-baxu erritmo-oinarri trinkoa dute, eta aurrean, Zaloaren ahots izugarria, kantuak borobilduz eta koherentzia musikala emanez.
«Izan» diskoa aurrerapauso nabarmena da taldearentzat; aurretik abiaturiko bidean sakonduz eta eragin berriei atea irekiz disko erakargarria plazaratu dute. Diskoa kalean, zuzeneko emanaldiak dira taldearen jomuga. Epe laburrean, Elorrio, Lizarra, Elgoibar, Sopela, Eibar eta Gasteizen arituko dira. Haritz Lete izan dugu elkarrizketa honetan mintzalagun, Kokein taldean bateria astintzeko ardura duena izateaz gain, Cobra taldeko ahotsa ere badena.
Hamar urte errepidean. Entseguak, diskoa, kontzertuak... Zirkulua hasten da berriz ere. Gogotsu?
Oso gogotsu! Disko berri batek dakarren nobedade, emozio eta pozak motibazio berezi bat sortzen dizu barnean, eta nahiz eta urte batzuk badaramatzagun honetan, oraindik ere grinaren harrak barruan jarraitzen du eta bete egiten gaitu. Musikan aritzen garenok exhibizionista samarrak garelakoan nago eta erakusteko zerbait dugunean, egun, hori heltzea besterik ez dugu nahi. Gure isilpeko lana egin dugu, orain jendearekin partekatzea da behar duguna.
Azken garaiotan aldatzen ari dira diskoak editatzeko moduak. Zuek biniloan argitaratu duzue lan berria, eta Interneten zintzilikatu dohaintza bidezko deskargan.
CD formatuari ez zaiola denbora asko gelditzen uste dugu, baina bagara lan fisikoaren maitaleak eta modu batean fetixistak ere bai. Horregatik erabaki genuen diskoa biniloan kaleratzea. Guretzat berezia da gure diskoa biniloan kaleratzea eta Kokein-en benetako jarraitzaileek ere hori edukitzea nahi genuen. Bestalde, gero eta jende gehiagok erabiltzen du MP3 formatua eta deskarga. Jendearengana heltzeko modu erraza, bitartekaririk gabekoa eta merkea da. Dohaintzarena berriz, nahiago dugu gure lanak zenbat balio duen jendeak erabakitzea.
Zu zeu arduratu zara diskoa grabatzeaz. Aurretik ere saiakerak egin dituzu, baina honakoan osoki arduratu zara prozesu guztiaz. Zeintzuk izan dira lan irizpideak?
Beti izan dut soinuaren mundua maite eta aukera izan dudanetan aprobetxatu egin dut. Gainera, jotzen duzun taldearen grabaketan eskua sartzea baino aukera hoberik ez dago! «Mundu Margotu Berri Bat» diskoan hasi nintzen eskua sartzen, Xanperekin elkarlanean aritu nintzen. Baina «Izan»-en grabaketa non eta nola egingo genuen pentsatzen ari ginela taldekideei esan nien neure burua eskaintzen nuela lan hori egiteko eta, beraiek nahi bazuten, ni prest nengoela. Taldekideek baiezkoa eman eta Garate (Andoain) estudioan grabatzeko baliabide aproposak genituenez, hara joan ginen. Kaki Arkarazok grabatu zituen instrumentuak, eta ahotsak, nik Noisestudion (Zarautz), eta nahasketak egitera berriz bueltatu ginen Garatera. Horretarako, Martxel Arkarazo izan genuen lagun.
Aurreko diskoekin alderatuta disko gordinagoa lortzea zen asmoa, gitarra kapa askorik gabe, zuzena eta inperfekzioekin obsesionatu gabe. Taldea errealagoa bihurtzea, azken finean. Pertsonalki, erronka bat zen niretzat erantzukizunaren pisuagatik. Ez naute taldetik bota, beraz, modu positiboan hartu beharko dut esperientzia -dio barrez-.
Bide horretan, zuen ibilbide osoa diskoetxe bati lotua eman eta gero, honakoan, autoekoizpenera jo duzue. Erabakia edo halabeharra?
Orain arte Gaztelupeko Hotsak-ekin kaleratu ditugu disko guztiak, baina kasu honetan pisua guk geuk hartzea erabaki genuen. Hori sentitzeko beharra geneukan eta hala erabaki genuen. Aurreko diskoak oso gureak sentitzen ditugun arren, hau muturreraino eraman nahi genuen. Diskoaren diseinua egitea falta izan zaigu bakarrik! Hori Josu Torrealdayk egin du.
Beste behin ere, gitarrak nagusi disko berri honetan; beti ere, oinarri erritmiko indartsuaren baimenaz. Inoiz baino «gitarreroago», akaso?
Beste disko batzuekin alderatuta, gitarra pista gutxiago grabatu ditugu, baina, hala ere, gitarren presentzia ez galtzea zen gure asmoa. Nik uste, modu handi batean, kantuak direla sentsazio hori ematen dutenak, inoiz egin ditugun kantu rockeroenak egin ditugulako lan honetan.
Zaloaren ahotsa, berriz, gero eta baliabide gehiagorekin azaltzen da diskoan. Batzuetan oldarkor. Bestetan xuxurla. Lan bikaina egin du.
Nire iritziz, orain artean Zaloak egin duen diskorik onena da. Diskoa amaitutakoan esan nion: `Izugarrizko lana egin duzu'. Grabatzen negarrez ere ikusi nuen, emozioagatik eta zeukan guztia ematen ari zelako, eta hori diskoan islatzen da. Oilo-ipurdia momentu askotan.
Diskoa irekitzen duen «Aske» kanta esaterako, latza da, zinez. Zaloaren ahotsak sentimendu asko islatzen du bertan.
Bai, abestiaren gaia gogorra da eta Zaloaren ahotsa bakarrik eta azpitik inongo instrumenturik gabe entzutean barru-barruraino sartzen zaizu.
«CD formatuari ez zaio denbora asko geratzen, eta binilo zaleak izan gara beti. MP3 formatua, jendearengana iristeko modu erraza da, bitartekaririk gabekoa»
«Musikan aritzen garen gehienok exhibizionista samarrak garelakoan nago, eta erakusteko zerbait dugunean, egun hori heltzea besterik ez dugu nahi izaten»
Diskoa kalean, zuzenekoak izango dira taldearen jomuga nagusia. Zuzenekoek ere ez dute bizi unerik hoberena. Nola aurreikusten dituzue emanaldiak. Hasi zinetenetik gauzak dezente aldatu dira.
Abestiak zuzenean aurkezteko gogoz gaude eta horretan arituko gara hurrengo hilabeteetan. Taldea benetan nolakoa den erakusteko modurik onena iruditzen zaigu zuzenekoa. Egia da denborarekin zuzenekoak aldatu egin direla. Talde asko gaude eta jende gutxi, hauek guztiak ikusteko. Lehen diskoarekin ahalik eta gehien, edozein tokitan eta edozein modutan jotzen genuen, baina azkenaldian zuzenekoetarako daukagun ikuspuntua zertxobait aldatu da.
Ahalik eta gehien jo nahi dugu, baina ez edozein modutan. Gure betebeharrak asetzen dituzten tokietan, ikusle moduan bizi nahi genituzkeenak...
Musika-tresna guztiak batera grabatu dituzue, gero ahotsak sartzeko. Horrek, naturaltasuna eman dio tresnen lanketari.
Grabatzeko modu ezberdinak landu ditugu. Iker, Jatsu eta hirurok (gitarra, baxua eta bateria) grabatu genuen elkarrekin, grabaketaren zutabea eraikiz. Txitxesek (gitarra) bakarka grabatu zuen baina oso modu ezberdinean landu dugu disko hau. Aurreko lanetan, abesti bakar batean egon ahal ziren soinu mota ezberdinak zatika eta bakarka grabatzen genituen.
Oraingoan berriz, garrantzitsua zen naturaltasun hori erakustea, soinu aldaketa askorik gabe eta jotzen elkarrekiko daukagun konfiantza azaltzea. Begiradak, keinuak eta interaktibitatea erregistratzea.
Gitarra kapa gutxiago egon arren, nabariak dira efektu eta lanketa ezberdinak. Zenbateraino landu dituzue anplifikadore soinu, efektu eta pedalera ezberdinen erabilerak estudiora joan aurretik?
«Zaloak ahotsarekin egin duen lana izugarria izan da. Negarrez ikusi dut kantatzen, emozioz beterik. Oilo-ipurdia jartzen du entzuteak»
«Gure aurreko diskoekin alderatuta, gitarra pista gutxiago grabatu ditugu. Hala ere, gitarren presentzia handia da»